
Abiapuntua sukaldean duen eskailerak ematen dio sarrera ganbarari.
Bertan, elikagaiak bildu eta sagardoa egiten zen. Ganbararen erdian baserriko elementurik garrantzitsuena dago, dolarea. Pats-askan pisoiez jotako sagarra ipintzen da eta honen gainean 10 m luze den habea. Habe honen muturretako batean ardatza ikusten dugu, zorua alderik alde igaro eta sukaldeko harriraino iristen dena, hain zuzen.
Sagardoa egiteko dolarea urtean behin baino erabiltzen ez bazen ere, dolarea da baserriari halako ezaugarriak ematen dizkion elementu nagusia. Dolarearen neurriek zehazten dute eraikinaren luzera eta bolumena, zurezko pieza handiak eskatzen baititu pisuari eusteko, Zutoin osoak, sekzio handiko piezak eta beste batzuk.

Pats-askaren inguruko tarteak elikagaiak metatzeko, aziendarentzako belarrak idortzeko, babak gordetzeko, txerria hil ondoko produktuak ontzeko eta lanabes txiki eta ertainak gordetzeko erabiltzen ziren.

Ardatzaren ondoko pareta XVI. mendeko fatxadari dagokio, baina ez dago osorik, XVII. mendeko handitze-lanen ondorioz ateak zabaldu baitziren bertan, ataripearen gainean irabazitako espazioa baliatzeko xedean. Alde hau erabat banatuta dago; artoa lehortzeko lekua eta garia gordetzeko kutxak; ondoan, aroztegia eta erlategia, beranduago usategi bihurtu zena.