BASERRIA: DESKRIBAPENA URRATSEZ URRATS: BEHE OHINA

Oin honetan sukaldea, upategi batez hornituriko ukuilua eta gelak daude.
Sukaldeak XVI. mendean hartzen zuen leku bera hartzen du egun, eta elikagaiak prestatzeko su nagusia mantendu ere. Higigarrien artean aipagarri dira kutxak, gakoa laratzarekin eta zizeilua, hau da, hotzetik babesteko bizkar garaiko jarleku-mahaia.

Sukaldeko atearen ondoan dolareari kontrapisua egiten dion harria eta ganbararaino doan ardatzaren abiagunea daude. Harriaren parean ganbarari sarrera ematen dion eskailera dago. Elementu horiek guztiak XVI. mendekoak dira, eta XVII. mendean eginiko berritze-lanek ez zuten eraginik izan horietan.
Ukuilua bitan banatzen da, batetik aziendarentzako aldea dago eta bestetik biltegia.
Lehena, abelgorrientzako askak barne, sukaldearen atzean dago. Ate irristatzailez ixten diren leihatila bikiak elkartzen dituzte sukaldea eta ukuilua. Gibelaldean ardiak egongo ziren.

Ukuiluaren beste aldeak sagardo upelak kontserbatzeko eta tamaina handieneko laborantza tresnak (gurdia, goldea, etab) gordetzeko erabiltzen ziren. Behi-azienda egoten zen aldearen sabaian, dolarearen pats-askari eusten dioten zurezko pieza handien multzoa, sobigainoak, ikus daitezke.

Sukaldeak XVI. mendean zegoen logela bakarrari egiten dio sarrera. Bertan ikus dezakegunez, zurezkoak ziren pareta guztiak. XVII. mendeko handitze-lanen ondorioz, hiru logela egokitu ziren baserrian, aurrekoa bazterrera utziz.