Atzerago, hondoago alegia, lurra lantzeko animalien indarra behar duten lanabes astunak daude, esate baterako nabarra, golde txikia eta hortz bat baino gehiago daukatenak, hala nola lauhortza, bostortza edo besarea, golde laukizuzena area, eta alperra edo erroilloa, lurra landu eta goldatu ondoren gainetik pasatzen zaion enbor mazizoa berau. Alperresia ere badago, hau da, hurritzezko bilbe batez eratu plataforma laukizuzen bat, lurra goldatu ondoren xehatze lana egiten duena, erein aurretik. Oinarri artikulatua duen eskailera bat ere badago, garrastia, maldan dauden inguruetan arboletako fruta biltzeko erabiltzen dena.
Beheko oinean, sartu eta ezkerrera, eta atari zabalean, garraiorako lanabesak daude, hala nola gurdia eta narria edo lera, zurezko patinen gaineko tramankulu bat alegia, belarra eta simaurra eramateko; gurdiak otarre gisako kartola bat dauka, gurtesia gurdiesia, elkarri lotu edo korapilatutako hurritzezko hagez itxuratua. XVII. mendean eskualde honetan erabiltzen zuten gurdi mota desagerturik da dagoeneko, baina horren irudi idealizatu bat jasota dago hurbileko Segura herriko etxe baten armarrian, eta gurtetxeko bastidorea zuhaitz urkila natural batez egina du. Gurpil ardatz bakarrekoa da eta gurpilok, ez baitira mazizoak baizik eta bigarren mailako bi ohol ortogonalez mihiztaturiko erdiko langeta sendo batez moldatuak, ez dute hagun jarraiturik; honen ordez, buelta osoa burdinazko tatxetez estalita daukate. Aipatu elementu horiekin batera idi eta behientzako uztarriak daude, dagozkien osagarriekin batera, horien artean gurtedea kurterea, hedeak ereak, eta kopetakoak.
Beheko oinaren hondoan, txoko batean, upategia dago, hau da, sagardoa ontziratzeko upelak eta barrikak dauden tokia, eta bertan iragazkia edo inbutua, eta baita sagar muztioa biltzeko tina tiñea ere, goiko dolareko plataformatik heltzen baitzaio ukuiluko sabaian egindako hustubide batetik zehar; horiez gain, garraiorako erabiltzen den barrika luzexka bat, garlia izenekoa.
Upel guztiak haritz ohol luze eta bihurdura gutxikoz eginda daude, eta zume eta haltzezko hogeitik gora besarkaderaz helduta. Edukieraren arabera barrikak (211 litro), botak (422 litro), upelak (844 litro) edo upel handiak (zehaztu gabeko edukierakoak, seguruenik 3.000 litro artekoak) izan zitezkeen. Merkataritzako garraioan eta ontzien hornidura kontuetan barrika zen edukiontzi ohikoena, erraz maneiatzen zelako, baina baserrietan XVII. mendeko inbentario eta kontratuetan gehienetan errepikatutako erreferentzia upelei buruzkoa zen. Hauetatik sagardoa atera eta hurrena mahaian zerbitzatzeko, pitxar handiak erabiltzen zituzten. Sekula ez zen kanilatik edo zotzetik hartzen.
Beste txoko batean enborrak zerraz mozteko astoa dago, eta egurra garraiatu eta mozteko beste hainbat tresna, hala nola aizkora, txinga eta burdin ziria burniziria.
Lehen oinera, hau da, ganbarara igotzeko sukalde-atariko zati bakarreko eskaileran ganbarako iskillerean gora abiatu behar; hementxe ikusten ditugu dolarea, lastategi edo sapaia eta mandioa. Dolarea oin honen erdiko zatian dago, sagardoaren fabrikazio prozesuan behar diren beste elementu guztiekin batera. Jotako sagarrak pats askan tolare zoluan jartzen dira eta, honen gainean, hodiak, horietatik igaroko baita muztioa, zulo batetik zehar ukuiluan dagoen tinara erori arte. Hodien gainean oso sekzio handiko ohol batzuk jartzen dira, pats oholak patsolak alegia, eta horien gainean, berriz, sekzio karratuko enbor batzuk, trumukoak. Pieza horien pisuarekin eta dolareko habearenarekin sagarra zapaldu eta, esan bezala, honen muztioa ukuiluko tinan erortzen da. Hauez gain badira pisoiak sagarra jotzeko, zurezko palak paleteak sagarra moztu eta biltzeko, eta baita neurri bat ere sagar neurrie edo kubela, zurezkoa, burdina-uztaiz hornitua eta kono enbor itxura duena; pieza hau Igartubeiti-koa bertakoa da, baina anakroniko samarra gerta daiteke inguru honetan, besteak baino askoz berriagoa baita, seguruenik XIX. mendearen amaiera aldekoa.
Sapaian, dolare ondoan, neguan abereei ematen zaien saralea biltzen da. Egia esanda, dolarea oso osorik erabiltzen zuten sapai gisa urteko egun gehienetan zehar, eta bakar-bakarrik sagarra zapaltzen hasi baino astebete lehenago hustu, garbitu eta sarale hondarrak kentzen zituzten, irailean hain zuzen; hurrena pats askako oholen albo-presioa doitu, eta aska zorua ur beroz blaitzen zuten, zur bustiak berak, puzturik, dolareko plataformaren iragazgaiztasuna ziurta zezan. Saski mota batzuk ere badira, hainbat gauza eramateko erabiltzen baitziren, besteak beste lepa saskia, lur saskia, otarra, otar txikia, esku otarra eta zestera.
Eskaileran gora egin ahala, pare parean, ganbarako albo-hormartean ganbara bazter edo beheko ganbaran animaliak harrapatzeko zepo batzuk daude, otso zepoa eta azari zepoa. Eskualde honetan ehiza ohiko kontua zen, eta batez ere basurdeak, orkatzak, ahuntzak eta erbiak harrapatzeko ahaleginetan aritzen ziren; hegazti estimatuenak, berriz, lertxunak, oilagorrak, kurriloak eta birigarroak ziren, azkeneko horiek lakio bidez eta gauez harrapatuak.
Kokaleku honetan ditugu, halaber, ardi eta arkume larru onduak ardi narruk, zurezko bastidoretan jarrita. Beste aldean, dolare ingurua zeharkatuz, beheragoko beste ganbara bat dago beheko ganbara eta honetan gordetzen dira bildutako fruituak bertan lehor daitezen, esaterako gaztainak, urrak, intxaurrak eta tipulak.
Atari-zabalaren gainean ganbara berria dago, eta honetan haritzezko bi aletegi gari arkak, uztan bildutako garia gordetzeko. Espazio honexetan lehortzen da artoa, lurrean zabaldurik, ongi aireztatuta eta pilatzeke, lizundu dadin eragoztearren hain zuzen. Artaburu garbiak, gero, artoa jotzeko astoan aletzen dira mazo bidez astoa azpian zuloak dituen enbor hustu bat da. Galbahe edo bahe bat ere badago, eta, lekaleak aletzeko idaurrak, luzera eta lodiera desberdineko bi makila soka batez muturrean elkarri loturik eginak. Idaurrak, halaber, garia aletzeko erabiltzen zituzten, ez baitzen garia sekula jotzen, nahiz eginkizun hau sarritan eskuz egin, azao muturrak aldapan jarritako harlauza baten kontra joz.
Mandiotik familiaren arotzeriako tailerrera igarotzen da obradore edo arotzerira, eta honetan arotzeriako banku bat dago, zerra handi bat arpoia, beste zerra batzuk, aizkorak arotz aizkorak garlopa, kardaina, juntak, daratuluak taatuluak, zura lantzeko zeioak opatxurrak, mailuak, gubiak, trintxak, eskuaireak, mazoa, zizela, birabarkia, konpasa, zepiloak, eta baita enborra pitzatu eta upa oholak edo mihiztaduraz panelak egiteko taulak ateratzeko ziri suerte bat ere.
Arotzeriako tailerraren ondoan erlategia dago, mandioan txapitula itxura handiena duen tokian; guztira zortzi erlauntza dauzka, gaztaina enbor hutsez eginak, eta horien barnealdean abaraskak daude panelak. Eztia ateratzeko prentsa bat ere badago, baserrikoa bertakoa berau, baina beste elementuak baino askoz berriagoa ere badena.