Sukaldea eta ataria espazio bakar bat dira, eta bertan, dagoeneko deskribatu ditugun sukaldeko lanez gain, lihoarekin eta artilearekin lotutako beste batzuk ere egiten dira; aipatu bi material horiek baserriak berak produzitzen ditu. Lihoa jo eta barne zuntza ateratzeko zango altuko garba karba espazio horrexetan dago, ohikoa baitzen Goierri inguruko baserrietan XVII. mendean; izan ere, eskuzko garba zuatza edo linutrangea gehiago erabiltzen zen hiri inguruetan, Tolosan esate baterako. Lihoa lantzeko tresnen artean daude, halaber, karda edo txarrantxa, zurezko ezpata, eta harilkaia. Artileari loturiko lanabesak ere badaude, hala nola kardak, gorua, ardatza, txabila txarabila...
Atarian dago, osterantzean, lixiba egiteko ontzia tiñea, gaztaina enbor hustu bat alegia, bertan arropa sartu eta suteko hautsaz, landare lurrintsuz eta ura irakiten jarriz garbiketa lana egitekoa. Ura, hurrena, hareharrizko oinarri biribil batean biltzen da tiña arrie; honek ertza landua du, urak ez dezan gainezka egin, eta aurrealdean hustubidetxo bat.
Sukaldetik geletara igarotzen da espazio zabal batetik karreratik zehar; horretan ditugu ehundegia eta zurezko kutxa bat, gazikutxa alegia, haragia gatzetan gordetzekoa. Ehundegi pedalduna, armazoi laukizuzen eta bastidore kulunkaria duena, eskualdeko baserri gehienetan egongo zen lehengo garaietan. Ezkiogan ez da bat bera ere gorde, nahiz XX. mendearen hasiera arte erabili zituzten Txatxe, Pagoaga, Iribarren Txiki, Kapitegi eta Goikoetxe baserrietan.
Toki askotan gorde da, ordea, eta baita Igartubeitin bertan ere, harilkaiaren aztarna, hau da, ehundegian anezkaren bidez zeharkako harien bilbea ehotzeko behar zen irazkia prestatzeko tokiarena. Apenas antzematen den harilkai hori ataripean dago, eta osagai zituen etxeko egituraren zutabe etako bi, horiek sarturik baitzeuzkaten goitik beherako zurezko larako ilara bana, larako txikiz osatuak inondik ere, batetik bestera 11 cm-ko tartea zutela. Irazkia egiteko, zutabe batetik bestera pasatzen zen haria, eta hurrena larako horien inguruan.
Gure ustez ehundegia egon zen tokian, XVI. mendean etxe osoko gela bakartzat eratu hartan, gaztak egiten zituzten XVII. mendean; horregatik, bertan daude ardiak eta behiak jezteko erabiltzen diren zurezko ontziak: kaikua, abatza, oporra, gorosti adarrez egindako malatsa, xukaderak txurkak, eta gaztatarako hainbat molde, gatzagi-ontziak edo zimitzak alegia. Sabaitik zintzilik apal bat dago, eta horretan jartzen dira gaztak, ontzeko. Abelazkuntzako produktuen aprobetxatze honen luzapen gisa, ilea mozteko aizturrak eta zurdaz kordatutako soka tradizional bat ikus ditzakegu.
Sukaldetik lehen logelara igarotzen da, logela nagusira, etxeko jabeek lo egiten dutenera hain zuzen. Zurezko oholez eginiko zoruaren azpian, oheetako bat egoten zen tokiaren azpian, zulo batean lurperatutako zurezko bi kaxoi daude, gauza edo elikagai baliotsuak gorde eta gerta zitezkeen lapurretetatik babesteko nonbait. Logela horretan bertan ohe bat dago erresel eta oihal zintzilikariz hornitua, eta beste bat sinplea, koltxoi eta guzti behar moduan jantzita biak; osterantzean, soineko arropa ere bada bertan. Ohe somierrak soka sarez eginda daude, eta horien gainean jarrita lastamarraga bat, edo batzuk bata bestearen gainean, lastoz, garoz edo, geroagoko urteetan, arta malutaz beteak, hori baita artaburuaren hostoa. Azpiko lastamarraga horien gainean, ahal izanez gero, artilezko egiazko koltxoia jartzen da. Oheko arropa guztia bertako lihoz egina da, bai izarak bai edredoiaren azala ohazala eta buruko azala ere; kanpoko bi pieza horiek kotoizko hariz bordatuta daude, edo zetaz, albo libreetako batean. Edredoia betetzeko ukuiluko hegaztien lumatxa erabiltzen da, eta burukorako, berriz, artilea. Edredoia oso ohikoa zen nekazarien etxeetan, izan ere XIX. mendearen hasiera arte ez ziren Gaztela aldeko artilezko burusiak erabiltzen hasi. Umeei txiki txiki tatik erakusten zieten hegaztien lumatxa biltzen eta gordetzen, kaina gogorrezko lumak bazterturik, eta edredoi ertza askatuz bertan sartzen, lumatxa pila on samarra inguratu orduko. Logela honetan dago, halaber, zurezko kutxatxo bat eta kriseilu bat, murruan sartutako armairu batekin batera.
Etxeko biztanleen armak (azkona, balezta, ezpatak beren zorro eta uhaleriaz, daga, arkabuza, alabarda, bolbora-flaskoak, muniziorako bolbora ontzia eta beruna...) logela nagusi honetan gordetzen dira. Armamentu pertsonala, ehiza edo defentsarako izan zezakeen erabilera alde batera utzita, gizarte mailako bereizgarri bat zen, jantzia bera baino ere garrantzitsuagoa, eta askatasun indibidualaren adierazgarri. Ezkiogako nekazari gazteak esposatzen zirenean XVII. mendean, oso ohorezko jotzen zuten bere etxe berrian "aitoren seme gisa jantzirik eta horniturik" sartuko zirela adieraztea, eta aldian aldian haraneko elizatik, Santa Luziakotik alegia, goiko San Migelen parrokiarainoko desfilea egiten zuten. Halaz, esate baterako, 1613an antolatutako alardean 23 auzotar alistatu ziren, bakoitzak bere arkabuza soinean, eta flasko, metxa eta berunez ongi hornituta, ezpata eta daga zeramatelarik, aldi berean, gerrian.