Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko azaroaren 22a, larunbata
hasiera
IGARTUBEITI XIX. ETA XX, MENDEAN, AZKENEKO ERALDAKETAK
©Alberto Santana
Igartubeiti 1925 inguruan, gurdia eta idi-parea atari aurrean, errepide asfaltatua egin aurretik.
Igartubeiti 1925 inguruan, gurdia eta idi-parea atari aurrean, errepide asfaltatua egin aurretik.
© Anuario de Eusko Folklore1927

Baserriak aldaketa garrantzitsurik gabe igaroak zituen hiru mende. Gehienez ere, mantentze lanik ez egiteagatik zegoen hondatuta, baina ez bertan bizi zirenak baldintza horietan eroso sentitzen zirelako baizik eta, oso bestela, maiztertza egoerak berak bridatzen zuelako etxea hobetzeko ekimen oro. 1858an familia barneko etena gertatu zenean Felipe Mendigurenek behartua zuen anaia hainbat kontu onartzera, hala nola honakoak: "el arrendatario no tendrá derecho al abono de ninguna obra que haga en dicha casa sin previa autorización del amo (...) Las obras que haga en dicha casa el colono con licencia del amo se tasarán a un precio moderado, algo más vajo que el justo, y serán de abono cuando el amo le sacare de este arriendo, pero no tendrá derecho a su abono si saliese por gusto (...) Si la casa arrendada exigiese alguna obra de precisión, que se haga, no por gusto, sino por necesidad" . Horrelako baldintzetan, nagusiak ez zuen etxean inolako inbertsiorik egiteko asmorik, ez baitzuen errenta handiagorik jartzeko modurik izanen, eta maizterrak berak ere ez zituen bere sos urriak inoren etxea konpontzen xahutu nahi, kontratuan argi jasota zegoen eta ez ziotela zuzentasunez baloratuko hobekuntzetan eginikoa. Bitartean Igartubeiti beherantz zihoan, iraganean izozturik balego bezala, gero eta urrunago bere inguruko beste baserrietako bizi-baldintzetatik. Seguruenik XIX. mendearen bigarren erdialdean zehar desmuntatuko zituzten dolare zaharreko zati edo pieza mugikor guztiak, hondatuta egongo ziren eta ordurako, mantentze lanik ezaz.


Industri iraultza XIX. mendearen erdialdean heldu zen Goierrira eta Urola haranera, eta baserrietako bizimodua aldarazi zuen.
Industri iraultza XIX. mendearen erdialdean heldu zen Goierrira eta Urola haranera, eta baserrietako bizimodua aldarazi zuen.
© Xabi Otero

Jose Ignazio eta Nikolasari bizi zitzaizkien bederatzi seme-alabetatik, bi karitateko moja sartu ziren, beste bat kaputxino, bi pasiotarren apaiz izan ziren, alabetako bat Hazparnera joan zen zerbitzari, eta oinordekoa Oiartzunen fusilatu zuten 1936ko Gerra Zibilean. Guzti guztiek ikusi zituzten, gazterik, baserritik hurbileko zelai batean izandako Ama Birjinaren agerraldi miragarriak, 1931n Espainia osoa asaldatu eta Ezkiogara milaka eta milaka pelegrin erakarri zituztenak. Seme-alaba guztietatik erdiko semeetako bat, Bizente, mutiltzar geratu eta bizitza osoan zehar labrantza kontuez arduratu zena, eta anai gazteena, Jose, geratu ziren: hauxe izan zen famili sagaren azken jarraitzailea. Jose Mendiguren 1944an eskolako lagun batekin ezkondu zen, Frantziska Bereziartuarekin. Eztei ospakizunak xumeak izan ziren, gerraostekoak esan dezagun. Ez zen arreorik izan, ez ezkonsaririk, ez oparirik, baina hirurogeitaka gonbidatu bildu ziren oilasko errea jatera, Igartubeitiko atari zabal luzean segidan jarritako mahaietan. Emaztegaia beltzez jantzita zegoen, ohi zen moduan, eta ezkondu ondorengo eztei bidaian Zaragozara abiatu ziren, sei egun pasatzera.

Jose Inazio Mendiguren eta Nikolasa Aranburu, seme-alabez inguraturik, Igartubeiti baserriko sukalde zaharrean 1925 inguruan.
Jose Inazio Mendiguren eta Nikolasa Aranburu, seme-alabez inguraturik, Igartubeiti baserriko sukalde zaharrean 1925 inguruan. © Anuario de Eusko Folklore1927
1944an berrikuntza heldu zitzaion Igartubeitiko 
sukalde zaharreko suari. Tximinia bat eraiki zuten murruari  erantsita, eta burdinazko ekonomika bat jarri.
1944an berrikuntza heldu zitzaion Igartubeitiko sukalde zaharreko suari. Tximinia bat eraiki zuten murruari erantsita, eta burdinazko ekonomika bat jarri.
© Xabi Otero

Frantziska heltzean, Tolosako etxe dotore batean lan egina baitzen, Igartubeiti baserri zaharrean halako pizgarri bat sentitu zuen Mendiguren sendiak, etxebizitzako instalazioetako batzuk modernizatzen ahalegintzeko. Ahalegin nagusia sukalde zaharraren inguruan egin zuten, lurrezko zorua eta subururik gabeko beheko sua zegoen hartan, artean gizonezkoek, hotzak akabatzen, burua eta bizkarraldea estaltzen zuten eta zaku batez afaltzeko sasoian, aurpegia eta bular aldea txingarretara hurbiltzen zutelarik berotasun pixka bat hartzeko. Eginiko obran sukalde zaharra heren batera murriztu zuten, sarrerako atearen kokapena aldatu, eta atari txiki bat egokitu zuten atzealdeko logeletarako eta eskailera-kaxarako korridore batez. Geratu zen espazioan idientzako ukuilu bat mugatu zuten, eta sarrera ondoko txoko batean komuna jarri.

Gerra aurretik dagoeneko argindarra bazuten ere, ur korrontea ez zen 1960 arte heldu baserrira. Sukaldean itxi egin zituzten paretan sartutako apalak, eta pareta honixe erantsirik tximinia bat egin zuten, piramide itxurako suburu eta guzti, baina tiroa kaxkar samarra gertatu zelarik sukalde osoa kez bete besterik ez zuen egiten. Sukaldea ataripetik argitzen zuen leihatila zaharra ere handitu zuten, burdinurtuzko ekonomika dotorearen gainean leiho zabal zabal bat itxuratuz.


Frantziska Bereziartu, Igartubeiti baserriko azken etxekoandrea, bertan bizi izan zen 1993ra arte.
Frantziska Bereziartu, Igartubeiti baserriko azken etxekoandrea, bertan bizi izan zen 1993ra arte. © Xabi Otero

Hauxe izan zen Igartubeitiko eraldaketa historikoen azkena. Izan ere, geroago egindako bakarrak mantentze lanak izan ziren, 1975ean izan ezik, urte honetan teilatuaren mendebaldeko faldoiaren zati bat erori zen eta, XVII. mendeko handitze lanetan, zona honetako zutabeak zurezko fatxada berrira eraman zituztenean, ahulduta geratu zen zati berean. Eroritako zati honen konponketan teknika eta material kaxkarrak erabili zituzten, kontraste handia eginez XVI. mendeko habe egitura bikainarekin, artean, eta miraria iruditu arren, zutik zirauen-eta baserriaren erdi erdian. 1985ean Igartubeitiko Mendigurendarrek baserria erosi zieten bere urruneko senideei, Feliperen ondorengoei, eta berehala hasi ziren baserria konpontzeko modurik egokiena zein ote zen bueltaka, hainbat mende igaroak zirelako behar bezalako lanik egiteke. Azkar asko ikusi zuten, ordea, eraikina bizi baldintza modernoetara egokitzeak baserriaren suntsipena ekarriko lukeela.

Eta orduan hartu zuten aintzat baserria Gipuzkoako Foru Aldundiari saltzeko proposamena, erakundeak kosta ahala kosta salbatu nahi baitzuen baserria, eraikinaren balio historiko osoa mantentzearekin batera. Horrelaxe egin zuten, eta 1993an Frantziska Bereziartuk, Igartubeitiko azken etxekoandreak, behin betiko itzali zuen sukaldeko sua, Erdi Aroko mende ilunetatik etenik gabe pizturik egondakoa, eta etxea utzi zuen, betiko.


3
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net