Dena hitzartuta zegoen, zerbaitek ordea huts egin zuen. Errain berria etorri zenetik hilabete gutxira, bikote bien arteko elkarbizitza jasan ezindako modukoa ari zen gertatzen, eta Felipe hasi egin zen gurasoen etxea utzi eta Olazabal baserrian bizitzen jartzeko aukera aztertzen, baserria bere emaztearen familiarena baitzen. 1858an iritsi zen behin betiko etena, eta aitak eta semeak deuseztatu egin zuten sozietatea, kapitulazio berri batzuk izenpetuz horretarako. Felipek alde egin behar zuen, baina ez zegoen bere herentziari uko egiteko prest; Olazabal baserrira joan aurretik, Igartubeitiko ondasun guztien inbentario eta tasazio oso bat egitea eskatu zuen. Inplikatutako alderdietako batek berak ere ez zuen baserriaren ustiapena bertan behera geratzerik nahi, besteak beste Feliperen gurasoen eta bere lau anai-arreba txikien bizimodua aurrera ateratzeko bide bakarra zelako. Halatan, azkeneko akordioa izan zen Felipek familiaren etxea errentan ematea bere anaia Jose Mariari. Honetarako kontratua 1858an bertan egin zuten, abenduan.
Igartubeitiren historia osoan lehen aldiz bikoizte bat gertatu zen baserriaren jabetzaren eta egiazko posesioaren artean. Hau da, une hartatik aurrera Igartubeitiko lurrek produzitu beharko zuten, bai bertan lanean aritzen zirenak mantentzeko, bai soberakin bat sortzeko, honen bidez ordaindu beharko baitzuten errenta, hainbat eztabaidaren ondoren urteko ehun dukateko kopuruan finkatua. Baserriko biztanleak, horrenbestez, bere etxeko maizter bihurtu ziren.
Hemen azaldutako arrazoiaz bestelako batzuen eraginez gehienetan, maiztertza XIX. mendeko Gipuzkoako baserrietan nekazaritza abelazkuntzarako ustiapen formula usuena bihurtua zen. Errenta bidezko maiorazkoen hedapenak zeharo baztertua zuen jabetza librea, probintziako etxaldeen laurden batera baztertu ere, baina hala eta guztiz Jose Maria bere anaiaren maizter gisa agertzea kontu bitxia behintzat bazen, famili krisialdi sakon baten adierazle.
Belaunaldi hura zoritxarrekoa izan zen. Jose Maria Mendigurenek, hogeita bederatzi urte zituela, protagonismoa bere gain hartu behar izan zuen, artean prestatzeke egon arren. Sekula ez zen ezkondu, ezta bere familia osatzera ausartu ere, eta 1892an hil zenean ez zen 1858ko eten eta gertakizunen oroitzapenak gogoa lausotutako osaba mutiltzarra besterik. Berak izan behar izan zuen, ordea, anaia txikia Bernardoren laguntzaz, lau urte gazteago berau, baserrian geratutako famili zatia aurrera atera zuena, arreba ezindua eta guraso urtetsuak barne.
Arazoa den tokira arazoa besterik inguratzen ez dela eta, Bernardo Mendigurenek 1858ko urte hartan bertan ezkondu behar izan zuen, azkar asko, Gabiriako Paula Azkue neska gaztearekin, seguruenik hau haurdun geratua zelako hamazazpi urte besterik ez zituela. Beste bi aho hauek Igartubeitira heltzea izango zen, agian, are oso oso premiazkoa zelarik aurreztea anai jabeari errenta ordaindu ahal izateko, Jose Mariak ezkontzarako asmo pertsonal oro behin betiko baztertzeko arrazoia. Bernardo eta Paularen oinordeko Jose Ignazioren jaiotzak eragindako nahasmena igaro ostean, bederatzi urte geroago alaba bat iritsi zen, Josefa izenekoa, eta geroago Jose Joaquin txikia. Urte batzuetan zehar baserrian haur, agure eta ezinduak ugari zirela, eta urte horietan gainera produkzioa areagotu beharra zegoela, Jose Maria eta Bernardo anaiek aztertu egin zuten lehengusu gazte bat, Juan Bautista Mendiguren Aranburu alegia, etxera ekartzea, estalpe eta janari truke baserriko lanetan morroi gisa aritzeko. Aldi berean, hain familia handiaren egoera ekonomiko kili kolokoa egonkortzearren, Bernardok baserriko nekazaritza-abelazkuntzako lanetatik aparteko sarrera batzuk eskuratzeko aukera aztertu zuen. Urola harana industrializatzeko mugimendua pil-pilean zegoen orduan, eta nahiz giro politikoa artean nahikoa nahasia izan karlisten porrot berria zela eta, igurikapen ekonomikoak oso oso baikorrak ziren, eta alderdi guztietatik sortzen ziren enpresa mekaniko berriak, denbora gutxiren bueltan jabeei askoz aberastasun gehiago ekartzen zietenak zelai eta soroetan lan eginik ehunka urtetan eskuratuko zuketena baino. Bernardok baliabide guztiak Zumarragan orrazi lantegi bat sortzera bideratu zituen, baina porrota fortunatu zitzaion atzera. Eta buelta eman ezindako moduan gainera. 1879ko gau batean desagertu zen, eta hurrengo goizean gorpua ibaiko uretan aurkitu zuten, Urretxuko zubiaren azpian. Berrogeita bost urte zituen, eta zazpi senide utzi zituen Igartubeiti baserrian.
Etxearen benetako belaunaldi-berrikuntza ez zen 1892ra arte iritsi. Urte hartan baserrian zegoen seme bakarra, Jose Ignazio Mendiguren, Nikolasa Aranbururekin ezkondu zen, eta hilabete gutxiren bueltan hil zitzaizkion osaba Jose Maria eta Paula, bere ama alegia. Urte batzuk lehenago, 1885ean hain zuzen, soldadutzatik libre geratu zen Jose Ignazio, alegatu zuelarik pobrea eta alargun baten seme bakarra zela. Orain zeharo bakarrik zegoen. Jose Joaquin eta Josefa bere anai-arrebak ez ziren hil, ez, baina mantentzeko eta behar bezalako dotea eskuratzeko zailtasunak bultzatuta Igartubeiti utzia zuten, erlijio-ordena batzuetan sartzeko.
Hogeita zazpi urte zituela Jose Ignazio Mendigurenek bere lehengusu Ignazio Mariaren maizter izaten segitzen zuen, baina bere bizimoduari ekiteko moduan izango zen aurrerantzean, gaitzerdi, familia handi bat mantentzeko ardura latzik gabe; gainera, errenta ez zen askorik igo, eta halatan baliabide zabalagoak izango zituen eskura, bere soberakinak administratzeko. 1918rako Jose Ignaziok eta Nikolasak bederatzi seme-alabako leinu zabala zeukaten osatua, Igartubeitiko hiru logeletan eta sukalde handian biltzen zena; berekin zeukaten, halaber, Santi Etxeberria morroi zaharra ere.