Igartubeitiko Arregitarretako azkena Frantziska izenekoa zen, eta bere gurasoen oinordeko bakarra izanik baserria jaso zuen 1804an, Juan Ignazio Mendigurenekin ezkondu zenean; hau hurreko Itsasoko Mendeun (Mendiguren) baserriko bigarren seme gaztea zen. Herentziaren hasierako hartzailea Frantziskaren anaitzako Ignazio Maria zen, bai hau Cadiza joana zelarik, eta urte batzuk merkataritzako agentzia batean lanean aritu ondoren, zorotzat jo zuten. Bi hauen aitak, Ignazio Arregik, Maria Antonia Aranbururekin berrezkondua bera, hiru aldiz aldatu behar izan zuen bere testamentua, eta azkenean bere seme bakarra, ondorengorik izan ez zuena, oinordegabetu egin zuen.
Etxeko jabeak beste abizen bat edukitzeak ez zuen aparteko gorabeherarik eragin etxean, batere aldaketarik gabe segitzen baitzuen bi mende lehenago egindako handitze lanez geroztik. Juan Ignazio izan zen baserrian XX. mendearen azken hamarkadara arte bizi izan diren Mendigurendarren segidako zazpi belaunaldietako lehena. Gipuzkoan Erdi Aroaz geroztik ohi zen moduan, Juan Ignazio eta Frantziskak 1827an hitzarmen suerte bat izenpetu zuten bere semeetako batekin, Ignazio Mariarekin, oinordekoa baitzen, heldutasunera iritsi eta ezkontzeko baimena emateari egoki iritzi ziotenean. Notario aurrean izenpetutako akordioaren bidez, oinordekotzari buruzko arau gaztelauari itzuri egin nahi zioten, honen arabera baserria eta bertako jabetza guztiak legezko heredero guztien artean modu proportzionalean banatu behar baitziren, eta ustiategiaren jabetza osoa semeetako bati eskualdatu, hain zuzen nerabe zenean izendatuta zeukatenari. Mekanismoa sinplea zen, eta milaka aldiz erabilita zegoen lehendik ere, gorabehera handirik gabe, herrialdeko gizarte zein ekonomiaren logikaren araberakoa zelako, nekazaritza abelazkuntzako unitateak gehiegi zatitzeak nekazari gehienentzako gosea besterik ez zukeelako ekarriko. Kontua baitzen sozietate mankomunatu bat sortzea gurasoen eta senar emazte berrien, hots, semearen eta beronen emazte berriaren artean; sozietate hau baserriko ondasun eta eskubide guztien titular izaten zen, eta beste ondorengo guztiak honetatik kanpo geratzen ziren. Berriro ere mekanismo honek bere eginkizuna bete zuen, eta Ignazio Maria Mendigurenek eta bere emazte Josefa Lizarraldek, zumarragarra berau, gurasoak bizi ziren artean hauengandik jaso eta gozatu zuten Igartubeiti baserriaren erabateko titularitatea. Josefak dirutan 450 dukat eraman zituen etxera, eta baita idi-gurdi bat ere, bertan zeramatzala bi ohe berri, arropatarako bi kutxa eta nerabe garaitik prestatzen joandako lihozko izara, mantel eta eskuzapi guztiak, hurrengo ereingaraiko hazitarako sei anega zerealekin batera anega bat gari eta bost anega arto. Bost seme alaba izan zituzten: Felipe, Jose Maria eta Bernardo mutilak, eta Juana eta Concepción neskak, azkeneko honek adimen ezintasun arazo zenbait zituena. Felipe aukeratu zuten ondorengotzat, eta 1855ean atzera ekin zioten ezkontza-kapitulazio gisa ezkutatutako herentzia-eskualdatze erritoari.
Felipe Mendiguren Maria Teresa Aranbururekin ezkonduko zen, eta ezkontzaren une beretik sozietate bat osatuko zuen bere gurasoekin Igartubeiti partekatzeko, hau da, hiru mila eta berrehun postura soro eta mendi, eta etxea, bizi izateko tresneria guztiaz eta ale, lanabes, abere eta nekazaritzarako beharrezkoez hornitua; honetaz gain, zazpi mila berrehun eta berrogeita bost erreal koarto . Anaiek hogeita hamabost urte bete arte, Felipe derrigortuta zegoen etxean lanean mantentzera, baina une horretatik aurrera behin betiko bidali ahal izango zituen etxetik, laurehun dukateko kalte ordain suerte bat emanez, ohe bat bi mudarekin eta kutxa banarekin batera. Arreba Juanari, berriz, ezkonsari handiagoa bermatu beharko zion, hain zuzen ezkontzeko aukera gehiago izan zezan; halaz, dirutan laurehun dukat eman beharko zizkion, eta bi ohe, hiru koltxoi eta oheetarako arropa zurizko bina muda, bi kutxarekin eta arropa arreoarekin batera inolaz ere. Concepción baserrian biziko zen beti, eta anai zaharrenak konpromisoa zuen arreba hiltzean haur kategoriako hileta elizkizuna ordaintzeko.
Bikote gazteak bere lotura gauzatzen zuen unean bertan sekulako eta egiazko botere aldaketa gertatzen zen baserrian, eta urteetako eskarmentuak erakusten zuenez, komeni zen elkarrekiko betekizun guztiak idatziz jasota edukitzea, familiaren elkarbizitzaren oreka afektu eta maitasunezko lotura hutsen mendean uzteke. Gurasoek gehien zaintzen zuten kontuetako bat zahartutakoan baserriko lanetarako ezgai bihurtzen zireneko janaria eta begirunea bermatuta edukitzea zen. Hori dela eta, janari eta elikagaiei buruzko klausulak oso oso argi eta zehatzak izaten ziren, eta Igartubeitiko kasuan adierazi zutenez, agureari urtean egokituko zitzaizkion bost anega gari, lau anega arto, zortzi anega sagar, lau anega gaztaina, bi arroa urdai, hiru laurden babarrun, sei dozena liho konposatu, hogeita hamar libra zezina freskoan edo hamabost lehortua izanez gero, eta baratzeko barazkietarako eskubidea ere bai . Era berean, bizi ziren artean erabili ahal izateko, eskatzen zuten ohe oso bat arropa zurizko bi mudarekin, kutxa bat, etxeko logela bat, eta sukaldean tokia eta sua nahi moduan, sukaldeko tresneriarekin batera, honelaxe jaso baitzuten: "una cama completa con dos mudas de ropa blanca, un arca, habitación en la casa, sitio y fuego a su comodidad en la cocina, con lo demás de menage que se acostumbra".