Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko azaroaren 22a, larunbata
hasiera
BASERRIA HANDITZEA ARTOAREN MENDEAN
©Alberto Santana
XVII. mendeko aletegi berrian aurreko mendetik jasotako gari-kutxa erraldoiak jarri zituzten.
XVII. mendeko aletegi berrian aurreko mendetik jasotako gari-kutxa erraldoiak jarri zituzten.
© Xabi Otero

Aurrealdeko eraikin-atal aletegidunaren formulak arrakasta handia izan bazuen ere, horrek ez du esan nahi toki guztietan Igartubeitikoaren itxura hartuko zuenik. Ataripe zabal zutabedun eta holtzadurazko fatxadadunaren eredua apenas imitatu zuten, eta XVII. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik bertsio aberatsago, sendoago eta handiosagoak proposatu zituzten, ataripea murriztuz, zutabeen ordez arku eta guztiko silarrizko pilareak jarriz, eta aletegiko itxitura egiteko harri landuzko leihoak zeuzkaten harri horma onak erabiliz. Albo hormarteen handitzeak ondorio garrantzitsuak izan zituen, halaber, etxeko pertsona eta animalien bizimoduan. Izan ere, mendebaldeko aldea eranstean ukuiluaren erabilera hobeto antolatu ahal izan zuten, eta abereentzako espazio askorik irabazi ez arren, animaliak espezieka bereiztea eta upategirako, simaurtegirako eta nekazaritzako lanabesak biltzeko eremuaren banaketa funtzionalago bat egitea ahalbidetu zuen; bide batez ongi mugatutako txerritoki bat ere prestatzeko modua eskaini zien, bertan txerrama eta txerrikumeak itxi ahal izateko.


Sukaldeko harrizko pareta bakarrean etxeko ontziak gordetzeko apalak ipini zituzten.
Sukaldeko harrizko pareta bakarrean etxeko ontziak gordetzeko apalak ipini zituzten. 
© Xabi Otero

Familiak batez ere gaua igarotzeko inguruan antzeman zuen aldaketa. Sukalde atari handiak ia ia inolako aldaketarik gabe segitu zuen, baina ekialdeko hormartea oso osorik erabili zuten logeletarako, halako maneraz non garai bateko logela kolektibo hura igarotzeko gune, jakitoki eta ehundegirako geratu zen; honen ordainetan, familia hiru logela independente berritan banatu zen. Logela berriek harrizko murru sendoak zituzten kanpoaldeko itxituratzat, hormarrizko trenkadak zeuzkaten barnealdean, edo panderete trenkada adreiluzkoak, tarimazko zoruak, eta bakoitzak, gainera, bere leihoa zeukan eguzkia ateratzen den aldera begira, besteak beste egunean behin logela aireztatzeko. Erosotasun, higiene eta pribatutasunari begira, beraz, eraldaketa erabatekoa izan zen. Hiru logela horietatik, aurrealdekoari tratamendu berezia eman zioten. Sukaldeko sutatik hurren zegoena izanik, senide urtetsuenentzat izango zen nagusiki. Harrizko lau pareta dituen logela bakarra da, are gehiago, sukaldetik bereizten duen mehelina ere hormarrizkoa egin zuten, lehen aipatutako XVI. mendeko maila zaharra eta hotz mihiztatua kenduz.

Banaketa pareta honek, isolamendu egokia ziurtatzeaz gain, paretan sartutako zurezko hainbat apal eta arasa sortzea ahalbidetu zuen, oso beharrezkoak eta erabilgarriak izango baitziren sukaldeko tresnak antolatzeko armairu, ontzitegi edo zutikako altzaririk batere ez zeukan etxe batean. Logela honen elementu berezia, esanaz gain, sukaldearekin komunikatzeko barne ateaz aparte ataripetik ere sarbide independentea edukitzea da. Ez da kasu bakarra euskal baserrietan, eta badirudi, gainera, horrelakoen erabilera historikoak zerikusirik baduela pasadizokoei, hots, eskulangile ibiltari, artzain, pelegrin eta kinkilariei besteak beste, etxea eskaintzeko tradizioarekin ezen horrelakoei, mandioaz aparte, logeletakoren batean lo egiten ere uzten zieten, nahiz betiere familiaren gauza baliotsuetatik, dontzeila gazteengandik eta, esate baterako, kalteren bat eragin zezaketen sukaldea bezalako tokietatik aparte, eta kanporako irtenbide zuzenaz.

Etxean ehundegirik egonaren aztarna materialik edo dokumentalik ez da batere gorde, baina baliteke ehundegia izatea bere garaian; eta egon bazen, sukaldeko txoko batean edo barneko iragaitza gunean egongo zen. Ehundegia izan zela pentsatzeko aztarnarik onena baserriaren fatxada zaharreko bi zutabetan, hau da, handitze lanen ostean ataripe barrenean babesturik geratutako bitan aurkitu izana harilkai gisa erabilitako zurezko larako ilara banaren arrastoak, hau da, geroago zutikako ehundegiaren irazkitokian atezatzen zuten liho harizko irazkia prestatzen zen tokiarenak.


Etxeko ohe altuek zurezko lau pilarez osatutako ohazur edo armazoia zeukaten, eta hauek lotzeko langak zeuden, hala goian nola behean. Barrenaldean soka-sare bat lotzen zuten, eta honen gainean, berriz, 
lastaira eta koltxoiak jartzen. Goiko partean erresela eta gortinak ipintzen zituzten.
Etxeko ohe altuek zurezko lau pilarez osatutako ohazur edo armazoia zeukaten, eta hauek lotzeko langak zeuden, hala goian nola behean. Barrenaldean soka-sare bat lotzen zuten, eta honen gainean, berriz, lastaira eta koltxoiak jartzen. Goiko partean erresela eta gortinak ipintzen zituzten. © Xabi Otero

Goiko oinean albo handitze berriak ganbara, goitegi eta lehortegi osagarrietarako izan ziren, sarbide aldrebes samarrekoak hala ere, ezen hauen solairuen mailak mandio eta dolare historikoenen azpitik geratu ziren. Etxearen ekialdeko aldean, jatorrizko fatxadako ohol mihiztatuak berak ere gorde ziren, eta orain espazio bereizien arteko barne modulaziorako holtzak izango ziren; gela edo espazio berri hauetako antolamendua osatzeko, egitura mistoko panelak erabili zituzten, bai oholezkoak bai hurritz haga kordatuz eginikoak. Albo ganbara hauetako aireztapena, egokiak baitziren fruitu lehor, sagar, kipula, baratxuri eta arbi uztak biltzeko eta etxean kendutako animalien larruak ontzeko, leihatila batzuetatik zertzen zen sortaldeko partean, eta sartaldekoan, berriz, hauxe izanik euriak eta haize hotzak gehien erasotzen zutena, gapirioen eta murruen artean teilatu-hegalaren azpian egin bao batzuetatik zehar. Baserrian bere horretan mantendu zen gauza gutxi horietako bat dolarea izan zen. Doiketatxo batzuk eginik, dolareak lanerako moduan segitu zuen XVII. mendeko eraberritze lanen ondoren ere, nahiz urte haiexetan hasi sartzen zuzeneko presioko ardatz anitzeko dolareen teknologia, hamarkada asko igaro aurretik zeharo baztertu zituena, gainera, gipuzkoar baserri berrietako palanka makinak. Igartubeitiko dolareari berrikuntza edo aldaketa batzuk egin zizkiotena ezagun da zeren eta, lanean segitu ahal izateko, biraketak eragiten zuen zabu mugimenduari kontra eginez ardatzari bertikalean eusten zion besarkadera gida ordezkatu baitzuten. Hasieran besarkadera hau osatzen zutenak ilargierdi formako zurezko bi pieza ziren, txertatuta baitzeuden solairuko solibetan, baina aipatu berritze lanak zirela eta euskarri zaharrekiko ortogonal jarritako habe zulatu sendoago batez ordezkatu zituzten. Habe hau, egiaz, XVI. mendeko baserriaren zutabeetako bat zen, desmuntatua eta eginkizun berri honetarako berrerabilia, jakina, bere alde ikusgarrietako batean ikusten zaizkion enara-mihiztadurarako kaxek erakusten diguten moduan.


Mandioa eta fruitu-lehortegia bereizteko, holtzak eta hurritz adarrez eginiko bilbeak erabiltzen zituzten, hain zuzen barnealdean aireztapena mantentzearren.
Mandioa eta fruitu-lehortegia bereizteko, holtzak eta hurritz adarrez eginiko bilbeak erabiltzen zituzten, hain zuzen barnealdean aireztapena mantentzearren. © Xabi Otero
Lehen oineko tarima azpian kokatutako zurezko besarkadera, dolareko ardatzari bertikalean eustekoa.
Lehen oineko tarima azpian kokatutako zurezko besarkadera, dolareko ardatzari bertikalean eustekoa. © Xabi Otero

Berriro ere Igartubeiti handitzeko proiektuaren ardura norena den jakin ezinik gabiltza. XVII. mendeko hogeiko urteetan zehar, inguru honetan baserri eraikuntzan ari ziren arotzeriako maisu aktiboenak Francisco Zumaeta eta Domingo Salsamendi ziren, zumarragarrak biak. Hauexek eraiki zituzten, besteak beste, Zeaia eta Txaintxo baserriak 1624an, Ezkiogako kontzejuak agindurik 8, eta baliteke gainera Domingo Arregik, Igartubeitira heldu berriko jabeak alegia, horiengana jotzea, biekin izana baitzuen harremana, bigarrenarekin bereziki.





Dolareko ardatza eta prentsatzeko habearen muturra, kanpo-azkoin 
baskulagarria sokaz loturik duela.
Dolareko ardatza eta prentsatzeko habearen muturra, kanpo-azkoin baskulagarria sokaz loturik duela.
© Xabi Otero

Domingo Arregi Azpeitiko Eizagirre auzotik heldu zen, Ezkiogako udalbarrutian nagusi den Izazpi mendiaren iparraldeko isurialdetik alegia, bi ordu baino gutxiagoko bidera herri-bideetatik joanez gero. Ez dugu haren iraganaren berri askorik, baina honen ordainetan Igartubeitiri errentagarritasun ekonomikoa eta kontzeju mailako gizarte ospea itzuli izanaren merituaren parte handi bat atxiki diezaiokegu. Urte gutxi lehenago, bere aitaginarreba Joan Kortaberria Igartuak seme guztiak hil zitzaizkion antza ia ia utzita zeuzkan nekazaritzako lanak, ez baitzuen lanerako besorik inguruan, eta abelazkuntzan ari zen nagusiki, eskualdeko beste baserritar batzuekin irabaziak erdibana partitzeko eginda zeuzkan tratuei esker . Arregi, alabaina, urteen joanean Ezkiogako erregidore izatera heldu zen , eta bere emazte Katalinarekin batera abizen hori eraman zuen nekazari saga estimatu bati eman zion hasiera, halako moduan non abizenak berak XIX. mendearen hasiera arte iraun baitzuen. Bere oinordekoa, Pedro Arregi, Katalina Usabiagarekin ezkondua, Ezkioga Areriako Alkatetza Nagusitik bereizteko eta herriak bere udal askatasuna lortzeko prozesuaren bultzatzailetako bat izango zen, 1661ean. Orobat aurkituko dugu, hurrena, herriaren erabateko jurisdikzio autonomia berresteko 1662an eratutako gizon armatuen konpainian engaiatutako lehenbiziko jabeen artean . Egintza sinboliko huts honek beronek, besterik gabe, dagoeneko kontraste izugarria egiten zuen bere ama aldeko aitona Joan Kortaberriarekin, honek izenik ere ez baitzuen eman 1613an bildutako miliziaren alardean, Ezkiogako auzotar zintzo orok bere arkabuz, pika eta mosketeak erakutsi zituzten hartan.

2
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net