Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko urriaren 11a, larunbata
hasiera
BASERRIA HANDITZEA ARTOAREN MENDEAN
©Alberto Santana
Igartubeitiko atari-zabala, lauza beltzez egokitua, gari jotzeko aterpe bikaina zen..
Igartubeitiko atari-zabala, lauza beltzez egokitua, gari jotzeko aterpe bikaina zen. © Xabi Otero

Igartubeiti baserriak, XVII. mendearen hasieran, egungo itxura emango zion eraldaketa prozesu sakona jasan zuen; produkzio behar berrietara egokitu zen, eta bertako biztanleek planteatutako erosotasun eskakizun berrietara. Erdi Aroko etxolatik baserri modernorako iragaitzan gertatu zenaz bestela, eraldaketa hau aurreko obra eraisteke gauzatu zen, aurrekoengandik jasotako eraikinari atal berriak erantsi zizkioten eta, halako moduan non jatorrizko eraikina erabat ezkutatuta geratu zen, ia ia ukitu gabe babestuta alegia, berriaren barnealdean. Etxea handitzeko erabakia 1625 inguruan hartuko zuten nonbait, baserriko jaraunsle Katalina Kortabarriaren eta senargai zuen Domingo Arregiren arteko ezkontza adostu zen garai berean seguruenik; are gehiago, baliteke senargaiaren ezkonsaria baliatzea obraren lehen ordainketak egiteko, horrela jokatzea ohikoa baitzen Euskal Herriko landa munduan.


Handitze lanetan, eraikinaren alde banatan albo hormarteak erantsi zituzten, frontis berri bat eratuko zuen aurrealdeko hormarte batekin batera. Fatxadari erantsitako atal berria haritzezko zutabe handi batzuen gainean altxatzen zen, berrerabilitakoak baitziren haietako batzuk, baserri zaharraren barnetik ateratakoak hain justu, eta muturretako hormarteetako itxiturak harlangaitzezko murruak erabiliz itxi zituzten. Erdiko lau hormarteek, alabaina, atari estali zabal-zabala eratzen zuten beheko oinean, honen gainaldean, goiko oinean alegia, kanpoalderantz oholez itxitako aletegi handi bat itxuratzeaz batera.


XVII. mendearen hasieran handitu egin zuten Igartubeiti baserri zaharra; orduantxe eman zioten egungo zurezko fatxada osoa.
XVII. mendearen hasieran handitu egin zuten Igartubeiti baserri zaharra; orduantxe eman zioten egungo zurezko fatxada osoa.
© Xabi Otero

Atari estali edo ataripe berria, argitsua eta euritatik babestua, harri beltzezko lauzaz egina zorua, espazio ezin egokiagoa izango zen, aurrerantzean, gurdia eta beste lanabes astun batzuk lagatzeko, egurra biltzeko eta animalia txikiak hazteko, hala nola oiloak, kapoiak eta untxiak, baina hau guztia horrela izan arren, baldintza ezin hobeak eskaintzen zituen galburuak euri, haize eta zikinkeriatik babestuta aletzeko. Gari jotzea idaurrez egiten zen, edota azaoak maldan jarritako harlauza baten kontra joz. Ataripe hori oso asmakizun egokia bazen ere garia aterpean jotzeko, nekazariak dagoeneko ohituta zeuden lan hauek oso egoera deserosoetan egiten, eta hobetu nahi hutsak ez zituen berez eta besterik gabe justifikatuko etxea zabaltzeko lanaren gastua eta eraikitze lanaren beraren ahalegina. Goiko oinean aletegi edo lehortegi handi bat sortzea beste kontu bat zen, ezinbestekoa baitzitzaien euskal landa munduan hamarkada pare bat lehenago hedatzen hasia zen zereal berri baten, artoaren produkziorako. Izan ere, Amerikatik ekarritako artaburuei irin bihurtu eta etxekoen elikaduran sartu ahal izateko eman beharreko tratamendua eta gariari eta artatxikiari ematen zitzaiena oso desberdinak ziren. Garia, uzta bildu orduko, eho bazitekeen ere, edo aletegi itxi, lehor eta ilun batean karraskariengandik babestu bestela, eta aldian aldian beharrezko kantitateak atera eta errotara eraman, artoarekin ez zegoen horrela inolaz ere jokatzerik. "Indietako artoa" edo "mairuen artoa", hasieran horrela esaten baitzioten, ezin zuten berdetan eho, eta hainbat astetan lehortzen eduki behar izaten zuten errotara eraman aurretik, bestela errotarriak oratu eta makineria matxuratu ere egin zitekeen eta. Lehortze lan honetarako artaburuak zabaldu egin behar ziren azalera estali eta ongi aireztatu batean, zeren eta metatu edo kutxetan sartuz gero bazitekeen hartzitzea eta jateko moduan ez geratzea. Lehortzea ere ezin gehiegi luzatu, artaburuetan berehala hazten zelako "arta kotxoa", bizkor asko jaten zituen parasito bat alegia; halaz, behin ondu eta gero egun gutxiren buruan aletu behar ziren, eta horretarako iluntze parteko famili bilkura handi eta biziak antolatzen zituzten, are inguruko baserrietako auzotarrekin txandaka bilduz ere zenbaitetan.


Ganbara berrian artaburuei hostoak kendu eta mazo batez jotzen zituzten, artoa jotzeko astoan eginiko zuloetatik aleak atea arte.
"Ganbara berrian" artaburuei hostoak kendu eta mazo batez jotzen zituzten, artoa jotzeko astoan eginiko zuloetatik aleak atea arte. © Xabi Otero

Artoaren hedapenak neguko korta askoren desagerpena ekarri zuen, batik bat baserritik hurbil eta haran hondotik urrean zeudenena, eta hauen sailak landare berrirako erabiltzen hasi ziren. Kanpoko larreak, horrenbestez, murriztu egin ziren, eta ganaduak denbora gehiago eman behar izaten zuen ukuilu barruan, hau da, ganadua gobernatzeko lehen baino sarale gehiago behar zuten. Aldi berean artoak, euskal landetan, artatxikiaren tokia hartu zuen, eta gizakiaren dietan aldaketa handia eragiteaz gain animalienean ere eragin zuen, behiak negu partean gobernatzeko artatxiki lastozko azaoak erabiltzen zituzten eta. Hemengo nekazaritzaren egituran gertatutako aldaketa mamizko hauen ondorioz, XVI. mendean eraikitako baserri txiki eta neurri ertainekoetako askori, Igartubeiti ere hauetakoa genuen, mandioan zeukaten tokia eskas geratzen hasi zitzaien animaliak gobernatzeko behar zuten sarale guztia bertan bildu ahal izateko. Belarra metatzeko tokirik ez bazegoen, askoz gutxiago, inondik ere, artaburuak zoru gainean zabaltzeko hartzi ez zitezen behar besteko tartez. Gauzak horrela, etxe zaharrari aurre parteko atal bat eransteko eta goiko oinaren azalera guztia aletegi eta artoa lehortzeko toki gisa erabiltzeko ideiak berehala bota zituen sustrai sakonak, XVII. eta XVIII. mendeetan zehar berritu ziren milaka baserrietan argi eta garbi ikusten dugun moduan.


Aletegiak, etxean "ganbara berria" esaten zioten horrek, aireztapen etengabea zuen, eta leihoen bidez tenperatura erregula zitekeen.
Aletegiak, etxean "ganbara berria" esaten zioten horrek, aireztapen etengabea zuen, eta leihoen bidez tenperatura erregula zitekeen.
© Xabi Otero

Igartubeiti aitzindarietako bat izan zen garai batean gari, artatxiki eta sagardotan aritzen ziren etxalde zaharrak modernizatzeko uholde honetan. Obra guztia kostuak murriztuz eta aurrealdeko fatxadan, ia ia fatxada osoan, eraikuntzako materialtzat zura erabiliz egin zuten. Azkeneko emaitza etxe zaharraren gailur lerroa eta estalkiko maldak luzatzen zituen holtz zuraje handi bat izan zen; horrenbestez, etxe zaharraren jatorrizko fatxada, orain, barneko holtzadura bat izango zen, mandioa eta dolarea aletegi berritik bereiztekoa. Espazio berri honetara eraman zituzten gari bihitegi astunak, zeharo libre utziz mandioa, eta bertan jarri zuten, halaber, tramankulu berri bat, baitzen arto jaikia, enbor erdi hustu bat, hondoan zulo pila bat zuena. Bertan sartzen zituzten artaburuak, eta zurezko mazoz jotzen zituzten, harik eta aleak askatu eta lurrera erortzen ziren arte zuloetatik zehar. Fatxadan aireztapenerako hainbat leiho ere bazen, eta itxiturako oholek berek, bilbeari josita eta kantoiak elkarri tope eginez jarrita zeudela, aire zirkulazio etengabea ahalbidetzen zuten, lehenagoko mihiztatutako holtzaduretan inolaz ere lortzerik ez zegoen gauza bat hain zuzen.

1
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net