Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko azaroaren 22a, larunbata
hasiera
IGARTUA XVI. MENDEA, BASERRI DOLAREDUN BATEN SORRERA
©Alberto Santana
Dolareko ardatzari birak ematen, kontrapisua goiko oineko habetik zintzilik geratu arte.
Dolareko ardatzari birak ematen, kontrapisua goiko oineko habetik zintzilik geratu arte. © Xabi Otero

Sukalde handiko elementu finko bakarrak eskailera-kaxa, laratzaren pertxa eta dolarearen kontrapisua ziren. Eskailera sarrerako atearen parean zegoen, baina honekiko ortogonal jarrita. Hau dela eta, sarreratik ikusten zen zankabe bakarra azpiko ertza osorik pasatzen duen hortz triangeluarrezko taila batez apaintzen zuten. Eskailera mailak albo arteketan sartuta dauzka, eta maila batetik bestera bantzuen barne-kantoiek alaka egina daukate, musarradura taila batzuen bidez, eskailera erabiltzen dutenen orkatilak babestearren, Euskal Herriko etxe guztietan XVI. mendean oso ohikoa zen praktika bati jarraiki. Eskaileraren albo libre bakarra, bestea ukuiluko holtzari erantsita baitago, oholez ixten zen, eta ostean bazen eskailerarako bertarako sarreran ate bat, itxitura maratiladuna zuena; halatan, goiko oina sukaldetik isolatuta zegoen, eta beti eragozpen diren aire korronteak saihesten zituzten. Laratza eta kakoa ur pertzari eutsi eta beronek suaren gainean duen altuera erregulatzekoa zintzilik dauden pertxa zutoin birakari bat da, goian beso bat duena. Seguruenik, XVI. mendeko baserrian egun logelara joateko dagoen atetik hurbilago egongo zen, eta harrizko edo zurezko zapata orpodun bat edukiko zuen, sukaldeko zoruan erdi lurperatuta berau. Oso ohikoa zen zutikako beso hauek murruari atxikita edota paretetako batetik ateratzen zen mentsula baten gainean kokatuta egotea, eta horrenbestez 180ºko biraketa erradioa besterik ez edukitzea, baina Igartubeitiren kasuan egindako arkeologi ikerkuntzak erakutsiaren arabera, badirudi exentu edo libre egongo zela, nahiz gelaren albo batean kokatuta.


Igartubeiti. Dolareko ardatzaren kontrapisua ainguratzeko sistema.
Igartubeiti. Dolareko ardatzaren kontrapisua ainguratzeko sistema. 
© Xabi Otero

ukaldeko hirugarren elementu finkoa, dolarearen kontrapisu itzela, harrigarriena ere bada, ezen Euskal Herriko beste inongo baserritan ez dago antzeko tramankulurik. Zurezko ardatz handi batek zeharkatzen du sukaldeko sabaia, hain zuzen baserriaren erdiko ardatzaren puntuan, eta azpiko muturrean 1.700 kiloko harri batez lastatuta dago. Ardatzaren eta bere pisuaren arteko krokadura besarkadera eta zurezko ziri sistema baten bidez zertzen da: hauek libreki bira ematen uzten diote ardatzari harri barnean, baina goiko oinean dagoen palanka beso handiari hariz lotzen zaionean, harria altxatu egiten du. Ardatzetik zehar sartutako zurezko zurrun lodi sendo batek ahalbidetzen du hariztatze maniobrak zein kontrakoak pertsona bakar batek egin ahal izatea. Presio etengabeko makina bat lortzeko harrizko kontrapisuaren sistema da ohikoena era honetako makinetan, Europa osoan, baina Igartubeitiren kasuan oraindik ere hainbat zalantza bada, hau ote zen egiaz erabilitako mekanismoa; izan ere sistema hau birsortu da, baina gehiago izan da beste aukera guztiak baztertu ondorengo aukera bat, ezagutzak eragindako segurtasunean oinarritutakoa baino. Egun dakigunaren arabera, Euskal Herrian XVI. mendean zehar eraikitako dolare baserrietan palanka besoari trakzio indarra emateko moduak hiru behintzat izan ziren. Lehena harrizko edo zurezko oinarri bat jartzea zen, lurrean ongi ongi ainguratuta inolaz ere, eta erdi lurperatuta, beroni lotutako ardatzak, biraketa libre egin zezakeelarik, palankatik tira egin zezan palankari berari hariz lotzen zitzaionean, ez baitzuen kontrapisu finkoa lurretik ateratzeko modurik. Sistema hau, besteak beste, Donostiako Iribar baserrian dokumentatu da, hauxe izan baita Euskal Herriko palanka-dolarea lanean mantendu duen azkena, hain zuzen 1908ra arte.

Ardatzari eusteko bigarren ereduak ardatza eta baserriaren aurrealdeko fatxadako erdiko zutabea bat eginda jartzen zituen, nahiz ardatzari libre biratzen utzi, barreneko aldean zurezko besarkadera edo zepo sistema bat osatuz. Emaitza mekanikoa aurrekoaren antzekoa zen, zeren eta ardatzaren lerratze bertikala galarazteaz gain, hariz lotzean behar adina trakzio lortzen zen palanka-besoa mugitzeko. Kostua, alabaina, txikiagoa zen, bai ainguraketa lurperatzeko putzurik zulatu beharrik ez zegoelako, bai ardatzak goraka tira egiten zuenean ainguraketak bere tokian eusteko harri nahiz zurezko pieza handirik prestatu behar ez zelako. Sistema honen erabilera ongi dokumentatuta dago eskualdeko baserrietan, eta esanaren lekuko etxeko erdiko zutabearen oinarrian hainbat tokitan ikusten ditugun kaxak eta musarradurak.


Dolareko ardatza goiko oinetik behekora igarotzen da, eta lotu egiten zaio lurrean dagoen harrizko pisu handiari, sukaldeko albo batean.
Dolareko ardatza goiko oinetik behekora igarotzen da, eta lotu egiten zaio lurrean dagoen harrizko pisu handiari, sukaldeko albo batean. © Xabi Otero

Eredu hauek biek kontrapisu flotagarrizko sistema baten aurrean duten desabantaila zera dugu, azken sistema honetan presio etengabea egin ahal izatea goiko oinean zapaltzen ari den sagar patsaren gainean, ahalegin txikiago batez, ainguraketa finkoko sistemetan presioa "estutuz" egiten zen bitartean; are gehiago, estutze hauek behin eta berriz errepikatu behar izaten ziren, mekanismoa laxatzen zen bakoitzean. Azkenean zuku kantitate bera ateratzen zen batean zein bestean, baina kontrapisu libreko prentsetan zukua poliki poliki eta etengabe isurtzen zen, zapore hobeagoko sagardoa emanez, itxura. Gustu eta etekin kontuak alde batera lagata ere, zorupean edo zutabe nagusian inolako ainguraketa arrastorik aurkitu ez izana da Igartubeitin kontrapisu mugikorraren eredua aukeratzea eta, horrenbestez, beste aukera teoriko posibleak bazterreratzea eragin duena.

Sukaldetik igarotzen zen baserriak XVI. mendean zeukan gela bakarrera. Gela laukizuzena zen, 30 m2 ingurukoa, eta bertan biltzen ziren, gauean, famili taldeko kide eta belaunaldi guztiak. Oheak, zurezko armazoia eta lastozko lastaira zeukatenak, bat baino gehiagorentzat izaten ziren beti, bai helduen kasuan eta baita, nabarmenago aukeran, etxeko haur eta gazteen kasuan ere, hauek estu estu izaten baitziren etzaleku bakar batean. Beheko oineko beste espazioa ukuiluak hartzen zuen, eta honetan dolareko habe handien peko espazioa idi eta behientzat zen, atzeko aldea ardientzat, eta mendebaldeko alboa lanabes eta sagardo-kupelak gordetzeko eta simaurtegi gisa erabiltzeko, txerrama itxi ahal izateko barruti mugatu txiki batez gain. Ganadua etxe barruan ukuiluratzeak aldaketa handia eragin zuen erdi aroko etxeen egitura eta neurriari dagokionez, fenomeno hau gertatu aurretikoetan ez zuten eta kontuan hartzen beste animalia batzuekin bizi izateko aukera, non eta ez ziren txerri bat edo beste eta etxola inguruan ibiltzen ziren hegaztiak. Abelgorriak zein ardiak, txerri talde asko bezalaxe, kanpoan hazten zituzten, eta urte sasoien arabera uda parteko larre garaietan edo haran hondoko negu parteko kortetan edukitzen zituzten.


Etxearen lehengo logelatik ukuilurako atea.
Etxearen lehengo logelatik ukuilurako atea. © Xabi Otero

Baserriaren goiko oinean sagardo dolarearen presentzia nagusi zen erabat. Pats oholak ia ia bigarren hormartearen espazio osoa hartzen zuen (28 m2 gutxi gorabehera), bernia izugarriek osatu bikoteak, doiketarako albo-artekekin eta gailur bikoitzeko estalkiko zurajearen erdiko zonari eusten zioten jabaloi luzeekin batera, espazioaren dimentsio bertikala zehazten zuen, eta ia ia 10 metro luze eta 0,50 mko alde sekzioa zuen palanka habea izugarrizko oztopoa zen ez bakarrik ikusizko oztopoa etxearen aurrealdeko erdi partean edozein desplazamendu egin edo lan garatzeko. Baliteke, gainera, habe honen amaiera gisa berezko urkila bat izatea, beste toki askotan ohikoa baita, gaur egun arte Euskal Herri osoan aurkitu den mota honetako pieza historiko bakarrean ere ikusten den moduan.


Dolareko pats-aska, jotako sagarrak gainean duela pats-oholen eta 
trumukoen pisua.
Dolareko pats-aska, jotako sagarrak gainean duela pats-oholen eta trumukoen pisua. © Xabi Otero

Urtean sagardoa egiteko izaten zen aste pare bateko epean izan ezik, goiko oina ia-ia osorik erabiltzen zuten azpiko ukuiluko animaliak gobernatzeko bazka ondu edo saralea biltzeko. Familiaren aletegia ere bazen, artatxiki eta gari uztak metatzen zituzten eta bertan, aipatu azkenak edukiontzi berezietan, hauek baitziren zurezko altzari estanko handi batzuk, 50 anegarainoko edukiera zutenak batzuetan eta isurialde biko estalkia eta jatorri klasikoko akroterez hornitutako erpinak, bere sarraila eta giltzaz hornituak eta ertzak musarraduraz tailatuak.
Geroago gertatzen zenaz bestela, Igartubeitiko jatorrizko ganbaran ez zegoen barne banaketarik, ezta altuera alderik ere tarima zoruan. Espazio unitarioa zen, fatxada guztietan mihiztatutako oholez itxia beharbada atzealdeko zati bat izan ezik, petral zuraje batez bi isurialdetara estalia, eta gailurretik hegalaren erlatxerainoko pieza bakarreko gapirioz osatuta zituena teilatuko faldoiak.
.

6
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net