Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko azaroaren 22a, larunbata
hasiera
IGARTUA XVI. MENDEA, BASERRI DOLAREDUN BATEN SORRERA
©Alberto Santana
Etxeko ataria sukalde
Etxeko ataria sukalde ireki handiaren albo bat da, eta buztin trinkotuzko zorua du. © Xabi Otero

Igartubeiti eraiki zutenean, estreinako dolare-baserriek ordurako berrogei urtetik gora zeramaten lanean, egoki, Gipuzkoan, bakoitzak hiru eta lau mila kilo sagar inguru zukutzen zuela. Modeloa dagoeneko normalizatuta zegoen, eta txantiloi komun bati jarraiki erreproduzitu zen ehunka aletan, apenas baitzen aldaketarik piezetan eta funtsezko neurrietan; aldaera kopuru mugatu bat bazen ordea, ardatzaren kontrapisu sisteman eta palankaren presio-angelua erregulatzen zuen bernia motan. Ildo honetatik, Igartubeiti eraikitzeak ez zuen inolako berrikuntzarik ekarri, ez teknika aldetik ez arkitektura aldetik; are gehiago, bere garaikideen arreta ere ez zuen seguruenik erakarriko. Honen ordain gisa, ordea, Igartuatarren baserriak lekukotasun ona eskain diezaguke botere ekonomiko handieneko nekazaritzako ustiategiei lotuta jaio zen arkitektura eredu honen zabalkunde prozesuaren inguruan, mende bateko epean gipuzkoar nekazari guztien artean finkatu baitzen, zeukaten errenta-maila zena zelarik. Hain zabalkunde orokorra, batez ere errentarik txikieneko nekazariak hartzen baditugu gogoan, bakar-bakarrik eraikinaren produkzio-kostuak merkatuz edota baserri mota desberdinetarako prezio eta kalitate aukera zabala eskainiz lor zitekeen, hain zuzen gipuzkoar nekazari gizartearen maila ekonomiko bakoitzak izan zitzakeen nahi eta beharrei egokiturik.


Dolareko hustubidearen ahoa, Basaerratza, Ruscus aculeatus, adarrak jarrita dituela sagardoaren ezpurutasunak iragazteko.
Dolareko hustubidearen ahoa, Basaerratza, Ruscus aculeatus, adarrak jarrita dituela sagardoaren ezpurutasunak iragazteko. © Xabi Otero

Igartuatarrek 1540 inguruan berreraiki zuten beren etxea, eta zuzen eta egoki gainera, baina gastu aurrekontuan neurriz jokatu zuten. Baserri berriak apenas zituen 200 m2 oinean, egungo eraikinak duenaren erdia, erdi aroko etxolak baino askoz ere gehiago bai ordea. Eta aurreko hamarkadetan zehar berritutako bere kidekoak baino txikiagoa izateaz gain, eraikuntzarako erabilitako materialetan ere askoz pobreagoa zen. Igartuatarren etxe berrian bai barne egitura, bai trenkadak eta kanpoaldeko itxitura gehienak zurez eginak ziren. Harrizko murruak bakar-bakarrik fatxada nagusian eta ekialdekoan egin zokalo txiki batera mugatzen ziren, eta paretek, berriz, beheko oinaren mendebalde osoa eta atzeko aldea hartzen zuten. Harri hormak ziren, taula gisako lauza ilaratuz eginak, junturak kare mortairu karga onaz hartuta zeuzkatenak paleta puntaz. Horma hauek altxatzeko lanean ez zen hargintzako ofizialik aritu, zeren eta harlangaitzak harrobiko berezko zainetik ateratako piezak ziren, arbastuak eta lantzeke asentatuak alegia. Dirudienez, obra osoa zuraje-arotzeriako maisu batek proiektatu eta zuzenduko zuen, oso ohiko kontua dena den maila ertaineko baserrietan, XVII. mendearen amaiera ingurura arte.


Bertako sagar motak, hala nola urtebi, saltxipi, txalaka eta bizkai ziren sagardoa egiteko gehien erabiliak.
Bertako sagar motak, hala nola urtebi, saltxipi, txalaka eta bizkai ziren sagardoa egiteko gehien erabiliak. © Xabi Otero

Harrizko hormen alternatiba gisa, Igartuatarren baserrian erruz erabili zituzten ohol mihiztatuzko trenkadak, oholak bertikalean antolaturik zeuzkatenak zubi-habe artekadunetan loturiko segidako erregistroetan. "Taulatu" hauexek ziren euskal arkitekturaren XVI. mendeko aukerarik naroenetako bat, eta orokor samarrak ziren gainera bizilekurako eraikinen barne-espazioen banaketan, kasuan kasuko familiaren gizarte maila alde batera utzita. Alta bakarrik biltegirako ez ziren etxeko inguruen kanpoaldeko itxitura gisa erabiltzeko unean konponbide merketzat hartzen zuten, nahiz zeharo onargarritzat ere bai etxe apaletan. Garai hartako eraikuntzarako udal ordenantzek ere aurreikusten zuten harrizko murruak edo oholezko panelak erabiltzea eraikuntza-eginkizun berberetan, horixe ikusten baitugu Soraluzen 1513an, honakoa baitzioten: "qualesquier personas que fuesen vesinos d’esta villa o hijos de vesinos que quisieren faser y hedificar casa en el suelo e tierra de todo el conçeio (...) que tengan el dicho solar cimentado fasta que quiera faser e faga de madera o de canto en el dicho solar casa con tejado, e que faziendo la dicha casa con tejado sea duenno d’ella commo si de prinçipio fuese suya. (...) No pueda tomar con el solar de tal casa más e allende de lo que ha de cubrir con tejado y de çerrar con tablado o pared. (...) la pared de su casa, agora sea de canto, agora de tabla e madera".


Sukalde-atariaren eta ukuilurako korridorearen arteko komunikazio-atea.
Sukalde-atariaren eta ukuilurako korridorearen arteko komunikazio-atea.
 © Xabi Otero

Seguru ez dakigu nor izan zen Igartuatarren baserri berriaren eraikuntza plana eta zuzendaritza lana egin zuen maisua, baina oinen diseinu orokorrari eta erabilitako hargintza zein arotzeriako teknikei erreparatuz gero, berreraikuntza lan hau XVI. mendearen erdialdeko urteetakotzat jo dezakegu. Izan ere, urte horiexetan ikusten hasi zen inguruotan Joan Beisagasti maisuaren jarduera profesionalaren emaitza oparoa; hau bertako arotz bat zen, eta beste lan batzuen artean Itsasoko Egizabal baserriaren handitze lana burutu zuen, honetan ere mihiztaturiko oholeriaz emanez fatxada, bere obra-kontratuan horrelaxe zegoen eta propio jasota: "El dicho Joan tiene cierta tabla serrada en su casa; que aquella el dicho Joan pegue a la cassa de Eguiçaval por la parte de fuera la que hubiere menester, cosido hecho macho y embra y bien juntada" . Beisagasti maisuaren baserria Igartuatarrenetik hurbil egotea izan liteke etxebizitza berritzeko proiektua maisu hari agindu izanaren arrazoia. Edonola ere, lanak zuzendu zituen arotzeriako maisuaren seinalea nabarmen geratu da baserriko habeterian, mihiztadura marka pertsonal gisa: zeio kolpe batez eginiko koska txikiak aho-zirika edo zur erdika mihiztatuko diren piezen ertzetan. Marka hauek are nabarmenagoak ziren kontrabernian, hauxe baita teilatu-gailurrari eusten dion atzealdeko zutabea, bilbearen egitura eratzen duten zubiak altuera desberdinetan hartzen dituena. Kaxa bakoitzak bere koska-kopurua du, eta txikienetik handienera antolatuta daude, behetik gorantz eta zorutik sabairaino; eta honi jarraiki, zutabean sartuko zen habe horizontaletako bakoitzak muturrean koska-kopuru berbera izango zuen. Kontramarka izeneko sistema da, seinale berdinak dituzten piezak elkarrekin mihiztatzekoa alegia. Prozedura bera erabili zen fatxada nagusiaren erremateko zubi-habearen txarrantxadura zertzeko jabaloien kokapena seinalatzeko, eta oraindik ere ikusteko moduan dago mandio barnealdeko pasabideetako batean.


Sukaldetik XVI. mendeko logela bakarrera igarotzeko atea. Bertan arkua eta zokalo altua ikusten ditugu.
Sukaldetik XVI. mendeko logela bakarrera igarotzeko atea. Bertan arkua eta zokalo altua ikusten ditugu. © Xabi Otero

Eraikuntza prozesuaren interpretaziorik logikoenak erakusten digunez, XVI. mendean ohi zuten moduan obra kontratatzen zuen maisua bera arduratzen zen proiektua eta honetarako baldintzak erredaktatzeaz, eta bere langile-taldearekin materialak bildu eta prestatzen zituen, eta berak zuzentzen zituen arbastatze, ebaketa, zeio eta taila lanak obran bertan, puntzoi zorroztu batez markatuz kaxen kokapen eta neurriak, eta zeio marken bidez identifikatuz piezen mihiztadurarako korrespondentziak. Egiturako zuraje osoa prestatuta zegoenean, aurkeztu eta lurrean mihiztatzen zuten zeharkako zutabe-lerrokadura bakoitza, eta ondoren hau dena batera altxarazten zuten, zeharo tente jarri arte, sokak, pertikak, poleak, tripodeak eta dibidietak erabiliz, betiere gizasemeen eta idi pareen trakzio indarra ere baliatuz, jabeak eta auzokoek eskaintzen baitzuten. Prozedura hau hirutan errepikaturik, baserriaren zutikako egitura osoa lanegun bakar batean altxatzen zuten. Zehaztasunik ere apenas dugun une hartan baserriaren jabea nor zen, Igartubeitiren bizitzako garairik ilunenetako bat huraxe izan da eta. Zeharkako agiri-erreferentzia batzuek iradokitzen dutenaren arabera, baserriaren berreraikuntza sustatu zutenak azken Igartuatarrak izan ziren, hau da, abizen horretako azkenak, eta guzti-guztiak urte gutxiren bueltan hil ziren XVI. mendearen bigarren erdialdearen hasieran. Baliteke, gainera, urte gutxi batzuetan zehar eraiki berriko baserria jenderik gabe egona. Hau pentsarazteko lehen aztarna Ezkiogako kontzejuko jabe guztiek 1564an egindako biltzar orokor bat dugu, hartara ez baitzen Igartuako batere ordezkaririk agertu6. Hiru urte geroago, San Migelen parrokiako eraberritze lan batzuk zirela eta, Ezkiogako eliztarrak berriro elkartu ziren, eta elizako gastuetan lagundu zezaketen auzotar guztien zerrenda egin zuten; honetan bai, honetan badugu Migel Elizalde izeneko gizonezko bat, Igartuako biztanletzat ageri dena bera . Agiri berean jasota dago parrokiak hartzeko izan zitzakeen zorren zerrenda bat, eta honetan ikusten denez denbora gutxi lehenago zendutako pertsona batzuen ondorengoek artean egiteke zeuzkaten kandeletarako argizaritarako ordainketak, ohikoak baitziren garai hartan. 1567an hil berriak zirenen artean zeuden "Ana de Ygartua y su hermano y padre", Ana Igartua, anaia eta aita alegia, eta agiri berean, lerro batzuk beheraxeago, aipatzen da Ana Igartuak testamentu legatu bat utzi zuela eliza mantentzeko.

4
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net