Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko azaroaren 22a, larunbata
hasiera
IGARTUA XVI. MENDEA, BASERRI DOLAREDUN BATEN SORRERA
©Alberto Santana
Sukaldeko holtzadura, itarkak zabalik eta dolareko askapeko habe handien buruak bistan dituela gaineko partean.
Sukaldeko holtzadura, itarkak zabalik eta dolareko askapeko habe handien buruak bistan dituela gaineko partean.
© Xabi Otero

Oraindik ez dago garbi arotzeria germaniarraren teknologia hau nola heldu zen gurera. Begi bistakoa da eskulangile suaboak ez zirela XVI. mendean eraikitako milaka eta milaka euskal baserrietako zurajeen egileak izan eskulangile suaboen batere berririk ez dugu, gure inguruari dagokionez-, bertako arotzek egin zuten eta lan hori. Baina konturik harrigarriena da euskal eskulangile horiek bat-batean hasi zirela teknika sofistikatu hori erabiltzen, oso modu eraginkorrean gainera, aurretik inolako eskarmenturik ez bazuten ere horretan. Berriro plantea dezakegu ikasketa prozesua Burgos inguruan hasiko zela, eta zehazki bertako katedraleko lanetan, hauek maisu alemaniarren familia batek zuzendu baitzituen 1442az geroztik; izan ere, lan hauetan ongi asko dokumentatuta dago Euskal Herritik urte sasoika joandako ofizial eta eskulangile ugariren partaidetza. Baserrietako txarrantxamendu teknikek eta zura mihiztatzeko moduek jatorri goi-germaniar garbia adierazten badute ere, arotzeriako egituraren antolamendu orokorrari buruz ezin antzekorik esan, are gutxiago estalkiko zuraje tipologiaz ari bagara. Ezagutzen ditugun alerik zaharrenetatik hasita, Gipuzkoako baserri guztietan eta aldameneko lurraldeetako askotan, eraikinaren baitan sagarra zapaltzeko makina handi baten presentzia da eraikinaren egitura-antolamenduaren determinatzaile nagusia.

Dolare hau zurezko tramankulu mekaniko itzel bat da, baserriaren lehen oinean kokaturik beronen erdiko ardatza oso-osorik hartzen duena. Prentsaren elementu behinena zuhaitz enbor eskuairatu bat da, 9 eta 13 m bitarteko luzera duena, beronek egiten baitu palanka beso eginkizuna, bere aurrealdeko muturrean kokatutako ardatz bertikalezko mekanismo batek trakzio esfortzua igortzen dionean. Palanka habe honek bere esfortzua prentsatze plataforma batera igortzen du, pats askara alegia, honetan baitira aurretik bildu jotako sagarrak, presioa modu uniformean zabaldu ahal izateko gainean ohol eta taulazko armazoia, pats-oholak alegia, jarrita dituztela. Karga honi eutsi ahal izateko, ezinbestekoa da pats askak oinarri sendo-sendoa edukitzea, eta halaz palankaren paraleloan jarritako habe itzelezko solairu suerte bat dauka, askapeko habe edo sobigaño deituez osatua; harrigarria bada ere, hauek zeharkako bi gatza ri dituzte euskarri, askoz meheagoak diren bi gatzari hain zuzen. Eta are ustekabekoago gerta dakigun, gatzari hauetako bat, atzekoa, "balezta" deitu duguna, muturrak airean dituela agertu ohi da, hegal baten antzera. Palanka-habearen zabu mugimendua saihesteko, eta bide batez oinarri edo bermapuntua lerra dadin eragozteko, palanka habeak bernia deitutako zutiko pare bat du alde banatan. Zutiko hauek dira baserri osoko handienak, ezen erdi erdian kokatuta egonik eraikinaren gailurrari eusten diote zuzenean, horrenbestez, eraikinaren beraren guztirako altuera definituz. Era berean, berniak eta habe-egituraren beste zatia solidarioak dira, loturik baitaude elkarri; halaz, ez dugu gehiegikeria izpirik erakutsiko, adierazten badugu dolareak, eraikinaren bolumenaren oinarrizko bi neurriez gain luzera eta altuera alegia- baserriaren egitura antolamendu osoa eta, honekin batera, banaketa espaziala baldintzatzen duela esaten badugu.


Gipuzkoako XVI. mendeko baserrietako goiko oinaren espazio nagusia dolare handi batek hartzen du, bere habe luze ikaragarriaz.
Gipuzkoako XVI. mendeko baserrietako goiko oinaren espazio nagusia dolare handi batek hartzen du, bere habe luze ikaragarriaz. © Xabi Otero

Sagardoa produzitzeko makinak basetxearen egituran duen protagonismoaren parekorik ez dugu topatuko europar herri arkitekturan beste inon, eta horregatik horixe dugu gipuzkoar baserriaren ezaugarri historiko originaletako bat. Alabaina, prentsa mota honen teknologia ez zen gure inguru honetako asmakuntza bat. Garai bertsuan, antzeko tramankuluen erabilera oso oso hedatuta zegoen mediterranear arroan, alderik alde, eta Europa epeleko lurralde guztietan. Badirudi Siriako lurraldeetan duela jatorria, K.a. III. mendean edo, baina zibilizazio erromatarra izan zen bere nekazaritzako ustiaketarako villa esklabista guztietan zabaldu zuena, hasiera batean olioa produzitzeko eta geroago ardoa egiteko. Iberiar penintsularen iparraldean, Erromaren herentziak goiz erdi aroko monasterioetako upategietan iraun zuen, eta monjeak izan ziren Bizkaiko Itsasorako isurialdeko nekazariei erakutsi zietenak, hain zuzen gauza eskuragarri bakarra sagar uzta handiak zituen lurralde batetik errentak ateratzeko zeukaten proiektuaren zati gisa. Berant Erdi Aroko gipuzkoar nekazariek ezagutzen zituzten, eta ohiz erabili, sagardotarako prentsak, baina hauek askoz makina txikiagoak izango ziren, bizilekutzat zuten etxolatik hurbileko teilapetxo baten babespean kokatuak. Bizilekuaren beraren egiturari dolarea eranstea izan zen baserriaren asmakuntzaz XV. mendearen amaiera aldean gertatutako kultur jauziaren jenialtasuna, nahiz beharbada egokiagoa izango litzatekeen alderantziz deskribatzea, zeren eta prentsa berriek hartu zuten neurri ikaragarria ikusirik esan genezakeen pertsonak eta etxeko abereak izan zirela makinaren barnera joan zirenak bizi izatera.


Dolareko atzealdeko berniak, erdi-erdian dutela beren kontrabernia.
Dolareko atzealdeko berniak, erdi-erdian dutela beren kontrabernia. ©Xabi Otero
Dolareko pats-askaren aurrealdeko zutabea beheko oinean.
Dolareko pats-askaren aurrealdeko zutabea beheko oinean. © Xabi Otero
Dolareko pats-askaren atzealdeko zutabea. Zutabearen eta jabaloiaren artean ikusten da balezta-habearen burua, hain zuzen askapeko habe handiek euskarritzat dutenarena
Dolareko pats-askaren atzealdeko zutabea. Zutabearen eta jabaloiaren artean ikusten da balezta-habearen burua, hain zuzen askapeko habe handiek euskarritzat dutenarena. © Xabi Otero
Dolareko bernietako baten goialdeko zatia, prentsatzeko palankaren altuera aldatzeko giltzak sartzeko albo-arteka bistan duela.
Dolareko bernietako baten goialdeko zatia, prentsatzeko palankaren altuera aldatzeko giltzak sartzeko albo-arteka bistan duela. © Xabi Otero


Etxebizitzaren eta dolarearen arteko sinbiosia batera gertatu zen XVI. mendeko gipuzkoar baserri guztietan. Garai hartan basetxe mota zabala eraiki zuten, kalitate maila desberdinekoak, material konbinaketa desberdinekoak, eta konposiziorako zein egituraren eta espazioaren antolamendurako irizpide desberdinez, baina inork ez zion bere etxeko sagardotegiari uko egin, nahiz tramankulu hauek igoera handia eragin etxearen eraikuntza kostuetan, eta urtean astebetez besterik erabili ez.

Gaur egun Igartubeiti da makina-eraikin hauek nolakoak ziren ikusteko aukera ematen digun baserri bakarra. Bere neurri ikaragarriengatik eta mantentzeko zailtasunengatik batez ere piezak ordezkatu behar zirenean, XVII. mendearen erdialdeaz geroztik ez zen horrelako gehiago eraiki, nahiz bat edo beste lanean aritu den XX. mendearen lehen hamarkadara arte.

3
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net