Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko abenduaren 01a, astelehena
hasiera
IGARTUA XVI. MENDEA, BASERRI DOLAREDUN BATEN SORRERA
©Alberto Santana

Igartubeiti ez zen euskal baserrien asmatze prozesuko aitzindarietako bat izan. Gipuzkoan gorde diren alerik zaharrenek esate baterako Villabonako Larre baserriak, Altzoko Legarrek, Errezilgo Galarraga Goenak, Azpeitiko Antxieta Goikoak, Bergarako Zupide eta Mosteik, edo Mutrikuko Etxezabalek- 1500 inguruan, are aurreko hamarkadan eraikiak direla ezagun uzten duten estilo ezaugarri ukaezinak dauzkate. Kasu guztietan harrizko eraikin handiak dira, nekazari aberats samarren familien jabetzakoak, eta dagoeneko baserri akasgabeak dira espazioen eta eginkizunen antolaketari begiratuta. Lehen belaunaldiko gipuzkoar baserri hauetan, bakar-bakarrik beheko oineko aurrealdeko zatia da bizi izateko modukoa; oinaren beste espazio guztia ukuilu, simaurtegi eta sagardo eta lanabes biltegi gisa erabiltzen da. Goiko oinaren antolamenduak, estalkipekoarenak alegia, palanka prentsa handi bat du ardatz nagusi, eta honen inguruan, espazio bereizietan, aletegia, hainbat lehortegi, lastategia, erlategia eta mandioa biltzen dira.

Harlanduzko gotikoz egindako aparailua, Gipuzkoako lehenbiziko baserriak eraikitzeko erabilia XV. mendearen amaieraz geroztik
Harlanduzko gotikoz egindako aparailua, Gipuzkoako lehenbiziko baserriak eraikitzeko erabilia XV. mendearen amaieraz geroztik. © Xabi Otero

Baserrien bizitzaren fundazio fase honetan, deigarri gertatzen da euskal nekazarien etxebizitzaren arketipoa izango denaren asmakuntzari kultur sinkretismoko izugarrizko ariketa batez ekin izana, eraikina altxatzeko teknikei dagokie- nez bederen. Ia ia Erdi Aro osoan zehar ohikoa izan zatekeenarekiko oso bestela, garai hartan etxolak erabiltzaileek berek altxatzen baitzituzten, baserri berrietarako obraren plangintza eta exekuzioa bera eskulangile profesionalen eskutan eta ardurapean geratzen zen, teknikari gaituen mendean, eta hauek ezaguera, lanabes eta prozedura sorta zabala erabiltzen zuten lanean, ez ordea berauek asmatutakoak, baizik eta urruneko lurraldeetako adituekiko harremanetan mailegu gisa eskuratutakoak. Horrenbestez, euskal baserriaren sorburuan bildu egin ziren Akitaniako hargintza gotikoaren teknikak, arotzeria germaniarraren teknikak, Mediterraneo inguruko teknologia mekanikoa, eta jatorri gaztelau eta andaluziarreko apaindura elementuak. Hau guztia, alabaina, bertako eskulangileek buruturik lana, tipologi sintesi berezko eta bereizi baten zerbitzurako izan zen, eta aldaketa eta berrikuntzak onartzeaz gain bere hazkundea mantentzeko horrelako aurrerapenak ezinbesteko zituen testuinguru sozio ekonomiko hedakor batean sakon sustraituta geratu zen.


Igartubeiti baserriko albo-murruak, XVII. mendean, lauza eta kare-mortairuz eraiki zituzten.
Igartubeiti baserriko albo-murruak, XVII. mendean, lauza eta kare-mortairuz eraiki zituzten.
© Xabi Otero

Hargintzari dagokionez, estreinako baserrietan gehienbat hiru orri edo xaflako paramentuak erabiltzen dituzte, pikaz landutako harlanduskoz eginak, eskuairatzekeak baina ilaraka berdinduak. Aparailu mota hau Frantzia mendebaldeko fabrika-obra erlijioso eta militarretan landu zuten, XV. mendearen hasiera inguruan, eta gizaldi horrexen bigarren erdialdean zehar Gaztelako iparraldera heldu zelarik, Burgosko gunetik abiatuta zabaldu zen. Euskal Herrian XV. mendearen amaiera aldeko tenpluetan, dorretxeetan eta hiri-harresietako konponketa lanetan agertu zen, eta ia-ia kronologiako batere alderik gabe baserri berrien eraikuntzan sartu. Hasiera batean, jendea liluraturik geratzen zen harrizko etxalde berritzaile hauek ikusirik, 1497an Bergarako biztanleei gertatu moduan alegia, bere errebaletako baten mugatzat jarri baitzuten "la casa de cal y canto que hizo y edifico Martín Perez de Çavalotegui"; Zabalotegi baserriaz ari ziren, oraindik ere zutik dagoen horretaz. Bi belaunaldi baino gutxiago beharko ziren, ordea, harrizko horma sendoz hornitu baserriak, "kare eta harkoskoz" eginak alegia, salbuespena izatetik Euskal Herriko haranetan barrena ohiko izatera igaro zitezen.

Murru gotiko hauen sendotasuna, begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola, neurriz gainekoa da landa munduko eraikinek zituzten egitura beharretarako. Are neurriz gainekoagoa ikusten dugunean arotzeriako egitura jaun eta jabe ageri dela, protagonismo guztia berea balu bezala, eta egitura eusle gisa ia-ia bera dela bakarra, beste ezeren laguntzarik gabea. Harrizko paramentu onak, proportzionalki, garestiagoak izaten direnez zuraje ona baino eta gainera ez ezinbestekoak-, epe ertainean zurezko egiturak eta zurgintzako profesionalak izango dira baserri berrien eraikuntzaren merkatua bereganatu eta eraikin horien bilakaera arkitektonikoaren lerro nagusiak markatuko dituztenak.


Habe etzanen eta zutabeen arteko loturak sendotzen dituzten jabaloietan jatorri alemaniarreko enara-mihiztadurak erabili zituzten.
Habe etzanen eta zutabeen arteko loturak sendotzen dituzten jabaloietan jatorri alemaniarreko enara-mihiztadurak erabili zituzten. © Xabi Otero

Euskal baserrietako arotzeria lan zaharrenak egitura exentuak dira, kaiola autoeusleak, eta hauetan zutikako elementuak pieza bakarreko zutabeak dira, eskuaira handikoak, lauki sare erregularreko oin batean kokatuak; lauki sare hau ezagun geratzen da zutabeak elkarrekin lotzen dituzten gatzari eta frontal ortogonaletan, eta solairuetako solibek ere euskarritzat hartzen dute sare hori. Zurezko hezurdura gisa ko honen osagarri, petralez osatu zurajeak eta isurialde biko gapirio estalkiak.

Egitura hauen ezaugarri bat pieza guztien arteko loturak aho-zirikako mihiztaduraz zertuta egotea da; trakzio-esfortzuetarako, zurezko larakoak izaten dituzte sendogarri, eta inoiz ez da burdinazko iltzerik erabiltzen, besteak beste haritz-zurak, inguru hezeetan, metalak herdoiltzen dituelako.


Piezen arteko loturak zurezko larakoen bidez finkatuta daude.
Piezen arteko loturak zurezko larakoen bidez finkatuta daude.
© Xabi Otero

Baserrietako lehen arotzeria lanen beste bereizgarri bat, XVII. mendearen erdialdera arte oso aldaketa gutxirekin indarrean mantendu zena bera, jabaloi eta pieza lapranen erabilera izango zen, zutabeen eta habeen arteko zurruntze elementu gisa. Jabaloi hauek aurkaz aurka lotzen dira normalean sendotzen dituzten pieza nagusiekin, eta horretarako silueta kurbo konplexuak egiten dituzte, guk "enara silueta" deitzen ditugunak alegia, hain zuzen hegalak zabalik dituen txori baten itxura dutelako. Prozedura izugarri landu honek ahalegin osagarri bat behar du, behar funtzional hutsek eskatzen dutena baino handiagoa inolaz ere, eta ez da norbaitek maila puntualean zertutako zerbait edo toki mailako asmakuntza bat. Euskal Herriko isurialde atlantiko osoan, Bidasoa ibaiaren alde banatan, zeharo hedatu bazen ere, sorburua Alemaniako hegoaldean du, XV. mendearen bigarren herenean, maisu gotiko suaboek diseinatutako zuraje-arotzeriako teknika berrietan.
.

2
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net