Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko abenduaren 01a, astelehena
hasiera
IARTUTARREN OINETXEA, ERDI AROKO ASENTAMENDUA
©Alberto Santana
Igartubeiti inguruko geografia XIV. mendearen amaiera aldean, Segura eta Villarreal de Urretxu hiribilduen kokapenarekin.
Igartubeiti inguruko geografia XIV. mendearen amaiera aldean, Segura eta Villarreal de Urretxu hiribilduen kokapenarekin. Etxea hiribildu hauei loturik egon zen. © Xabi Otero

Nekazari askeak eta sakabanatuak, hiribilduen fundaziosustatzen zutenak jauntxoen mehatxu feudalizatzailetik libre geratzeko, edota dagoeneko eratutako hiribilduetako auzotartzat har zitzaten eskatzen zutenak, ondorio berbera erdiesteko. Horixe Gipuzkoan eta Bizkaian, nahiz honetan fenomenoak hainbesteko indarrik izan ez, orokorra zen giroa XIV. mendearen bigarren erdialdean, eta nabarmenago gainera mende horren azken bi hamarkadetan zehar. Urretxuren fundazioa baino hilabete bat lehenago besterik ez, Aizarnako nekazariek, Urolaren bailara bereko beheko ingurukoak hauek, erregeari eskatua zioten Zestoako hiribildua fundatzeko baimena bertako gerra aristokraziaren eraso eta presioetatik babesteko; eta urte gutxi geroago, 1391n, Zumarraga ondoko auzotarrak izango ziren, Antzuolako Uzarraga mazelan zehar sakabanatutako baserri guztietakoak alegia, Bergarako hiribilduan onar zitzaten lortuko zutenak, eskubide politikorik gabe bai, alkatearen tutoretza jurisdikzionalaren babesean ordea. Kasurik ikusgarriena Tolosako hiribilduarena da, ezen 1374 eta 1392 bitartean baserri sakabanatuz osatu hogeita sei kolaziorekin itunak izenpetu zituen, bere auzotartzat hartuz, bide batez, ehunka nekazari; hauen jatorriak honakoak ziren: Berrobi, Gaztelu, Irura, Leaburu, Orexa, Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Altzo, Amasa, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Zizurkil, Elduain, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Lizartza, Orendain, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Andoain. Segurako hiribilduak, bere aldetik, bere inguruko herrixken gaineko botere feudal baten antzera ziharduela, lortua zuen 1384an bere auzoteria jurisdikzionalean sartzea Astigarreta, Zegama, Zerain, Gabiria, Gudugarreta, Idiazabal, Mutiloa eta Ormaiztegi, betiere bere agindupean "hobeto babestuta" egongo zirelako arrazoia emanez horretarako.


Igartubeitiko nekazariak eta inguruko auzotarrak Segurako hiribilduaren mendean geratu ziren, derrigorrean, 1405ean.
Igartubeitiko nekazariak eta inguruko auzotarrak Segurako hiribilduaren mendean geratu ziren, derrigorrean, 1405ean. © Xabi Otero

Joan I.a hiltzean, Ezkioga eta Zumarragako nekazariak bizkor mugitu ziren, eta 1391n ordezkaritza bat bidali zioten Endrike III.ari, Urretxuren herri gutunaren eta artean paperean bakarrik zegoen hiribilduarekiko anexio itunen berrespena lotzearren. Horrela jokatuz, Lazkanoko jaunen eskubide-errebindikazio orori aurre hartu nahi zioten, hauek baitziren Zumarragako parrokiaren patroiak, eta Segurako kontzejuarengandik ere begiratu nahi zuten, hiribildu aristokratikoa bere nagusitasun politikoa Goierri osoan eta Urola Garaian hedatzeko ahaleginetan zebilen eta. Nekazari sakabanatuek tartean, eta nabarmen gainera, "Ennego de Iartu" zela askatasuna zuten jokoan, izugarri indartsuak ziren aurkarien kontrako borrokan ari zirela. Ezin zuten, inolaz ere, partida hura irabazi. Hamarkada pare batean zehar, hiribildu independente bateko hiritarrak zirelako fikzioan bizi izan ziren, berek fundatu eta berek zuzentzen baitzuten baserrietatik; alkatea izendatu zuten, eta baita notarioa ere, eta Gipuzkoako Ermandateak Getarian 1397an egin zuen Batzarrera ere ordezkaritza bat bidali zuten. Batzar horretan, jaun feudalen bortizkeria jasanezinari brida jartzeko ahalegina egin zuten, berak baitziren zuzen zuzenean pairatzen zutenak. Azkar asko ordea, hain zehaztasun handiz planifikatutako eraikin juridikoa behera etorri zen, Urretxuko hiribildu usteko hura azal hutsa, inguruko baserrietako biztanleen emantzipazioa lortzeko tresna baino ez zela ezagun geratu zenean. Baserritarren egiazko asmoa bistan geratu zenean, Ezkiogako auzotarrak berriro geratu ziren mendekotasun jurisdikzionaleko egoeran, eta ez ziren honetatik askatu, zeharo ahuldurik zeudela jada, XVII. mendearen amaiera ingurura arte.


Segurako hiribilduaren prokuradoreak izan ziren nekazarien iruzurra argitara atera zutenak Endrike III.aren gortean, 1405ean. Horretarako propio izendatutako arbitraje-batzorde batek azpimarratu zuenez, Villarreal de Urretxuri herri gutuna eman eta dagoeneko hogei urte baino gehiago igaroak zirela hiruzpalau auzotar besterik ez ziren modu iraunkorrean hirigunean bizi izatera etorriak. Pedro Iñiguez de Iartu eta bere kideak zehatz jardunak ziren, antza, berrogeita hamar etxe altxatzeko orubeak mugatzen, baina kontua zen etxe haien arrastorik ez zegoela batere. Urretxu hiribildua hutsik zegoen.

2
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net