Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa

2008ko urriaren 11a, larunbata
hasiera
IARTUTARREN OINETXEA, ERDI AROKO ASENTAMENDUA
©Alberto Santana

Igartubeitiren historia kontatzeko lanari ekitean, gauzarik zailena noiz eta nondik hasi erabakitzea da. Nahasgarria irudi badakiguke ere, lehenik inguruari buruzko kontuei heltzea proposatzen dugu, helduleku seguruak eskainiko dizkigun ikuspegi batetik, hain zuzen hauetatik abiatuta sorburuaren osin beltzean murgiltzen ahalegintzearren hurrena; dena den ezinbestez esan beharrekoa zaigu murgiltze horretarako maila gehienak aienaturik daude jada, edota, hain itxuragabetuta egonik, dagoeneko ez dute inolako fidagarritasunik eskaintzen.


Igartubeiti baserriaren sorburua Erdi Aroko Gipuzkoaren mende ilunetan kokatu behar dugu.
Igartubeiti baserriaren sorburua Erdi Aroko Gipuzkoaren mende ilunetan kokatu behar dugu. © Xabi Otero

Proposatzen dugun tarteko puntu hauxe da gaur egun ezagutzen dugun Igartubeiti baserria eta beronen zuztar den erdi arokoa bereizten dituena. Igartubeiti baserriaren egungo eraikina altxatzeko lanak ez ziren XVI. mendera arte abiatu, 1540 ingurura arte alegia, geroago emango dugun azalpenean ikusiko den bezalaxe. Baina, paradoxikoki, azken Igartuatarrak, etxearen eraikitze lanen sustatzaileak eta etxe jabeak, etxearen izena abizen lokatibo gisa zeukatenak, data horretatik aurrera belaunaldi bateko epean desagertu ziren. Halaz, Igartubeiti berriaren eraikuntzaz eta azken Igartuatarren heriotzaz, erdi aroko fasea itxi eta etxearen epe modernoa abiatu zen.


Alabaina, inolako zalantzarik ez dugu esateko Igartuatarrak ongi finkatuta zeudela Ezkiogako kontzejuan, egungo Igartubeiti eraiki baino askoz lehenagotik egon ere. Familia horren izateari buruzko estreinako berri frogatuak XIV. mendearen amaierakoak dira, hain zuzen 1383koak, abizen hori zuten bi pertsonak, aita adinekoak eta oinordeko izendatutako semeak nonbait, partaidetza erabakigarria izan baitzuten Villarreal de Urretxu hiribilduaren fundazio prozesuan; hiribildu hori herri harresitu txiki bat zen, eta sortu zutenean aldarazi egin zuen eskualde horretan nekazari taldeen, leinuen eta inguruko beste hiribildu batzuetako burgesen indarren artean zegoen oreka.


Villa real Gaztelako Joan I.ak fundatu zuen "Hurreyçua" izeneko eremuan, hogeita lau auzotarren eskariari erantzuna emanez; hauen asmoa udal instituzio bat izatea zen, bakarrik erregearen mendean egongo zen tutoretza jurisdikzionalerako eskubidea bermaturik izateko eta, bide batez, bertako aristokraziaren, esate baterako Lazkanotarren exakzio arbitrarioetatik libre geratzeko. Gainera, Segura hiribildu boteretsuak bere landa inguruaren gainean hedatu eta zertu nahi zuen domeinutik kanpo ere geratu nahi zuten.
Eskaria izenpetu zutenen artean ageri dira "Peydro de Iartua y Per Ynegues de Iartua", Ezkiogakoak hauek, bere kolazio bereko beste nekazari batzuekin, hau da, gaur egungo Salete, Sagastizabal eta Aranburu baserrietakoekin indarrak bildu zituztenak. Hauez gain, baziren Zumarragako Etxeberri erreka inguruko base-rrietako nekazari familia batzuk ere, Areitzaga, Iburreta, Aranburu Lizaratzu, Ondarra eta Loidi baserrietakoak hain justu ere.


Urretxuko hiribilduaren fundaziorako proposamena, Ezkiogako eta Zumarragako nekazari aske hauentzat, tresna bat eskuratzera zuzenduta zegoen. Hasiera batean, horietako inork ez zuen bere egoitza kalera eramateko inolako asmorik, ezta eskulangile edo merkatari lanetan hastekorik ere. Bere baserri sakabanatuetan bizi izaten segitu nahi zuten eta baita lortu ere, nekazaritza eta abeltzaintzan arituz ordura arte bezalaxe. Hiri kontuak ez zaizkie interesatzen, bai ordea hiritartasuna lortzea, honek berekin hainbat eskubide eta askatasun baitzekartzan. Izenez hiribildu bateko auzotar izateak izenez soilik, hau da, jurisdikzio mailan, baina bertan bizi gabe ahalbidetuko die, batez ere, bere epailea edukitzea, alkatea alegia, eta sortzen zaizkien erreklamazioak honen aurrean aurkeztu ahal izango dizkiote; gainera, babesa eskatuko diote beharrean fortunatzen direnean. Osterantzean, beren lurrak aske mantentzeko bermea eskuratuko dute, erran nahi baita jauntxoei egin beharreko prestazio mota orotatik libre mantenduko direla. Hau guztia lortzeko, nekazariak prest daude kontzejuko kargak eta bere ofizialen soldatak ordaintzeko, nahiz hauek egin hiri polizia lanetik zuzenean onurarik eskuratu ez.


Prest zeuden, halaber, hiri bat eraikitzeko interesa itxuratze horretan azken muturreraino iristeko. Hiribildu berriaren hirigintzako antolamendua burutu ahal izateko eta, bereziki, trazatua eta etxebizitzak altxatuko ziren orubeen banaketa zuzen eta egokia egiteko, erregeak bost gizonez osatu batzorde bat izendatu zuen, tartean zirela Pedro Iñigez Iartukoa eta Ezkioago auzokide zuen Martin Ibañez, Salete baserrikoa berau. Hauek biak "gizon on eta susmorik gabeko"tzat gomendatu zizkioten erregeari, eta halatan pentsatzekoa da eskualdean halako begirune bat izango zutela eta bertan erroturik egongo zirela; dena den, honek ez du zertan adierazi ezinbestez maila ekonomikoan nagusiak zirenik.


Villarreali herri gutuna eman eta bi hilabete besterik igaro ez zelarik, artean behar adina denbora igaro gabe alegia hiribilduko lehen etxea eraikitzeko, Zumarragako Andre Mariaren kolazioko auzotarrek osatu egin zuten berek hasitako blindaje jurisdikzionalerako lana, hiribilduan sartzeko eskariaren bidez. Ikusten denez, erakunde babesle batean sartzea zen kontua, inolaz ere ez artean ezer ez zen eta hiri errealitate gisa ibiltzen hasteko denbora asko beharko zuen hiri batean sartzea. Ezkiogako San Migeleko kolazioko nekazariak, hasieratik beretik konplize baitziren proiektuan, bi urte igaro aurretik ahaleginduko ziren emantzipazio jurisdikzionalerako prozesua errepikatzen, baina oraingoan eskualdeko botere-gune guztietako alarmak piztu ziren, eta bere baliabide eta influentzia indar guztiak erabili zituzten nekazari komunitate txiki hau mendean mantentzeko.

1
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO-ITSASO. (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 722 978 Fax.: +34 943 880 138 E-mail: igartubeiti@gipuzkoa.net
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net